Denen misioa, transmisioa

Mireia Galarza Bastida 2025eko azaroaren 21a

Hainbat belaunaldi irudikatzen dituzten pertsonak. (Guka)

Francisco Franco diktadorea hil eta 50 urtera, itxi gabeko zauria da frankismoarena. Ba al dakite belaunaldi gazteenek zer gertatu zen? Huts egin al du transmisioak? Samara Veltek hitz egin du gaiaz. Francoren heriotzaren 50. urteurrenaren harira Gukak kaleratu duen erreportaje sortako azkena da hau. 

Azken urteetan, ahoz aho dabil memoria historikoaren kontzeptua, baita horren transmisioa ere. Gazteek ere askotan entzun behar izaten dute euren inguruan gertatu zenaz ez dakitela, ez dutela beren historia hurbila ezagutzeko ahaleginik egin. Jakiteko, baina, kontatzeko prestutasuna ere beharrezkoa da. Beraz, non hasten eta amaitzen da transmisioa? Amaitzen al da? Nola egiten da hori? Ondo egin al da? Eta zer da ondo egitea?

Samara Velte kazetari eta ikertzaile zarauztarraren arabera, memoriaren transmisioa "norabide bakarreko informazio korronte moduan" interpretatu izan da, belaunaldi gazteenak "hartzaile pasibo" bakarrik izango balira bezala. Memoria ikasketetan ikusitakoaren arabera, ordea, hori ez da horrela, "berreraikuntza prozesu bat baizik". Beste modu batera esanda, "memoria aldiro iraganari buruz eraikitzen den narrazioa" litzateke. Beraz, Veltek gaineratu duenez, gazte batek lehen pertsonan esperientzia bat ez bizita ere, "berak, oraingo testuinguruaren arabera, berreraiki egingo du iraganeko gertakariei buruzko narratiba". Horrekin lotuta, nabarmendu du gertakizun bat "nola gogoratzen den" baino garrantzitsuagoa dela "nola kontatzen den". 

Hainbat  tresna

Transmisioa gertatzeko kanalak edo teknologiak desberdinak dira, zarauztarraren esanetan.  Alde batetik, "ahozko memoria" aipatu du, "familia barruko hori, aitona-amonek kontatzen dutena". Hala eta guztiz ere, memoria kolektiboaren zati handiena "memoriazko narratibak eraikitzeko gaitasun handiena" daukaten instituzioetatik datorrela kontatu du Veltek, hala nola erakunde publikoetatik edo ezartzen dituzten egutegi ofizialetatik: "Erabaki egiten da zein egun gogoratu nahi diren egutegietan, eta hori memoria egiteko modu bat da".

Hezkuntza erakundeak eta hedabideak ere izan ditu hizpide zarauztarrak. "Erreminta oso indartsua da hezkuntza; historia liburuetan dauden narratibak egiatzat jotzen ditugu, adostutako egiak dira. Komunikabideek duten indarra ere eztabaidaezina da". 

Ahanzturaren ituna

Teoriak teoria, memoriaren transmisioa pil-pilean dagoen gaia da Euskal Herrian ez ezik, baita Espainiako Estatuan ere. Lerro horri jarraika, egungo egoeraz mintzatu da Velte, eta memoria historikoaren kontzeptua aipatu du. Haren esanetan, memoria historikoa ez da nazioartean zabalduta dagoen kontzeptua, Espainian baizik. 36ko gerrari eta frankismoari buruz hitz egitean erabiltzen da, "gerraren irabazleek 40 urtez ezarritako memoria ofizial horren aurrean bestelako memoria bat dagoela azpimarratzeko". Velteren esanetan, artean ez zegoen "inolako tokirik" narratiba ofizial horiek zalantzan jartzeko, ez museoetan, ez adierazpen publikoetan, ez testu liburuetan, ezta ia-ia espazio pribatuetan ere. 

Horrekin batera kokatzen du Veltek ahanzturaren itun inplizitua kontzeptua. "70eko hamarkadako trantsizioan Espainiako eragile nagusiek adostu zuten diktaduratik eredu parlamentariorantz aldatzea, baina diktadurak egindako sarraskiak ez tematizatzeko baldintzarekin. Horrek frankismoak botere posizio batetik eta kasu askotan sistematikoki egindako eskubide urraketak memoria kolektiboan lausotzea ekarri zuen. Hasieran agian balioko zuen, baina gerora ikusi dugu iraganeko min asko dagoela oraindik, eta heldu behar zaiola gai horri", dio zarauztarrak. "Iragan frankistak izugarrizko eragina du gaur egungo Hego Euskal Herrian", gehitu du. 

Ekuazio horretan beste elementu bat erantsi du Veltek: euskal gatazka. Haren hitzetan, ETAren indarkeriak "izugarrizko garrantzia" hartu du eztabaida publikoan azken 30 urteetan, eta horrek "erabat eklipsatu" du frankismoari buruzko eztabaida. "ETAren biktimei buruz bakarrik hitz egiten da, eta horrenbestez, oso zaila da frankismoaren biktimei buruz hitz egitea. Txiki eta Otaegirekin gertatu da hori. Beraiek jasan zutena justifikatze aldera esaten da ETAkoak zirela. Hor badago berriro interes bat frankismoari buruz ez hitz egiteko", esan du. 

Isilik, beldurrez

Transmisioan eragin eta gaiaz behar adina ez hitz egitea eragin duten bestelako elementuez ere mintzatu da Velte. Alde batetik, frankismoko biktimen testigantza "alferrikakoa" izan zitekeela iruditzen zitzaiela batzuei: "Herritar askok pentsatzen zuten ea zertarako kontatu behar zuten gertatutakoa inolako aitortza sozialik, gertatutakoa izendatzeko mekanismo publikorik edota erreparaziorik ez bazuten izango. Ulergarria da, horrek lan asko eskatzen du eta". Gainera, diktaduran zehar jendeak jasandako errepresio zuzena dela eta, hitz egiteko gizartearen "beldurra" ere nabarmendu du Veltek. Isiltasunaren atzean beste arrazoi bat ere bazela esan du: "Frankismo garaiko sektore batzuei ez zaie interesatzen garai hartako krimen guztiei buruz hitz egitea, batzuen irudia ere zikindu dezakeelako horrek". 

Gaur egunera ekarrita ere, egoerak "berdintsu" jarraitzen duela iritzi du. "Kontatu digute iragana ez dela garrantzitsua, gure arteko gatazkak berpizteko bakarrik balioko duela gaia lantzeak, baina susmoa dut ez ote zaion batzuei bakarrik esan euren iragana ez dela esanguratsua, eta horrek ez ote duen epe luzera bestelako amnesia bat elikatu". Izan ere, Veltek nabarmendu du zirkulo batzuek lortu dutela memoriari eustea, eta hori ez dela "sozialki erabat deslegitimizatu". "Garrantzitsua da bestaldeko memoria kolektibo hori ere mantentzea, gogorarazteko denok gatozela nonbaitetik". 

Ezagutza, tresna

Ia erabateko isiltasun horrek ekarri du hainbat belaunaldi "frankismoaren biktima guztiei buruzko ia ezagutzarik gabe" hazi izana. Mende erdiak askorako eman dezake, eta batzuek urrun ikusiko dute Francisco Francoren diktadura eta heriotza. Hala eta guztiz ere, Veltek nabarmendu nahi izan du garai hori ez dela "hain aspaldikoa, ez denboran eta ez bilakaera politikoan ere". 

Eta ohartarazi du: "Gaur egun 20 urte dituen gazte batek muturreko ideiak dituztenen mezuak eta frankismoko propagandakoak alderatuko balitu, uste dut harrituko litzatekeela jabetzean zeinen antzekoak diren.  Mezu oso sinpleak dira, bizi dugun mundu konplexua soiltzen dutenak; errudun bat izendatzen dute, eta horrek bestelako deserosotasun bat kanalizatzeko balio du. Jabetu behar duguna da hori historian dagoeneko gertatu dela, eta ikusi dugula zeintzuk diren diskurtso horien ondorio larriak". 

Horregatik, ezagutzan jarri du fokua zarauztarrak: "Gatazka bat lehen pertsonan bizi ez bada ere, kasu honetan uste dut posizio bat hartzea ardura ariketa bat ere badela, beriziki 36ko gerraz eta frankismoaz ari bagara. Oso garbi esan behar da diktadura bat sufritu zutela milaka herritarrek, estatu kolpe ilegitimo batetik. Giza eskubide asko urratu zituzten, eta hor ez dago erdibiderik. Informazioa eman egin behar zaie gazteei, baina beraiek ere borondatea eduki behar dute. Egia da gaur egun gazteen artean bestelako kezkak nagusitzen direla".

Ikerlari zarauztarraren esanetan, gertatu zena jakiteak eta horren aurrean jarrera bat hartzeak "ez du esan nahi justifikatu eta egindakoa elkarbanatuko denik"; guztiz kontrakoa, baizik. "Ezagutza horrek etorkizunean gerta daitezkeen egoera arriskutsuetarako erremintak emango dizkigu. Inork ez du aurreikusten gaur egun gatazka fisikorik gerta daitekeenik, baina kontuan izan behar dugu hori lehertu aurretik beste zantzu asko daudela".

Horretarako unea orain dela iruditzen zaio: "Garaiz gaude oraindik datozenei ez huts egiteko, eta gertatutakoa berreraiki eta sinergia puntuak aurkitzeko. Horretarako, hitz egin behar da".

Erlazionatuak

Gaur egungo gazteek zer dakite frankismoari buruz?

Maddi Txintxurreta-Maialen Etxaniz-Usua Garin aza 17 Aia   Orio

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide