Igande honetan egingo dute Zarauzko Txakolin Eguna, bigarrenez Txermenduaren jaia izenburupean. Jende ugari biltzen du ospakizunak urtero, eta aurten ere horrela izatea espero dutela azaldu du Itziar Eizagirre Talai Mendi txakolindegiaren kudeatzaile eta Getariako Txakolina jatorri izeneko presidenteak.
Zer puntutan zaudete, Txakolin Egunaren bezperetan?
Mahatsa bildu eta hartzidura prozesua amaitu dugu; beraz, esan daiteke momentu lasai batean iritsiko garela igandeko hitzordura. Lehen irailean egiten zuten Txakolin Eguna, mahatsa jasotzen ari ginen momentuan, eta, horregatik, larriago ibiltzen ginen. Larriago diot, bilketa prozesu guztian zerura begira egoten garelako, eguraldiari begira, tentsioz. Orain, ziklo berriaren hasieran gaudenez, ez gara hain estu ibiltzen.
Inausketen sasoia da laster.
Bai, lehen hotz hauekin hostoak hasiko dira erortzen mahastietatik, eta ondoren hasten gara aipatutako lan horiekin. Hori jada 2026ko txakolina izango litzateke.
2025ekoaren aurkezpena San Anton egunaren bueltan egingo baduzue ere, baloraziorik egitera ausartuko zinateke?
2022. urtea oso ona izan zen, baina azken hiru urteak konplikatu samarrak. Trumoia ez bada, eguzkirik ez dugu ikusten, bestela euri gehiegi egiten du... Horregatik, urte onak itzultzeko zain gaude. Funtsean, udaberria eta uda onak ez badira, mahastian asko nabaritzen da.
2026koari begira, zeintzuk dira aurreikuspenak?
Esperantza dugu urte on haiek itzultzeko. Eguraldiak laguntzen badigu, gai izango gara kalitatezko txakolina kantitate handiagoetan ekoizteko. Kalitatea beti bermatzen dugu, kantitatea litzateke orain gakoa.
Igandeko hitzordura itzulita, horrelako plazek zertarako balio dutela esango zenuke?
Herri askotako txakolin egunetan parte hartzen dugu, eta horiek mundu honetan gabiltzanok batzeko espazioak sortzen dituzte. Topaguneak dira, oso gertuko harremanak sortzeko balio dutenak.
Gertuko harremanak sustatzeaz gain, nazioartera ere saltzen duzue. Hainbeste sona izan duten muga zergek eraginik izan al dute zuengan?
Jatorri izeneko txakolin guztiaren %20 esportatzen da, baina gure kasuan, bikoitza ateratzen dugu kanpora, %40. Ehuneko horretatik gehiena AEBetara saltzen dugu, eta beraz, izan du gai horrek eraginik gugan. Iaz apiril aldera ezarri zituen zergak Donald Trumpek, baina guk abenduan esportatzen dugu txakolina, beraz, libratu egin ginen. Aurtengoan, berriz, ikusiko dugu zer gertatzen den, baina kezka badugu.