Frankismoari buruzko lanketa berezia egingo du Gukak datozen asteetan

Erredakzioa 2025ko aza. 3a, 08:00

Frankismo garaiko hainbat irudi.

Azaroaren 20an beteko dira 50 urte Francisco Franco diktadorea hil zela, eta urtemugaren harira, hainbat erreportaje eta ikus-entzunezko argitaratuko ditu Gukak bihartik aurrera. Mahai inguru bat ere egingo du, diktadorearen heriotzatik mende erdi igaro denean, haren itzala zer-nolakoa den aztertzeko.

Francisco Franco diktadorea hil zela 50 urte beteko dira datorren azaroaren 20an, eta urtemuga hori dela eta, frankismoaren bueltako lanketa berezia egingo du Gukak. Bihartik azaroaren 23ra bitartean, diktaduraren bueltako hainbat gai landuko ditu hedabideak.

Egunkarian hamabi erreportaje kaleratuko ditu Gukak datozen egunetan, besteak beste, garai hartako gizarteaz, frankismoaren krimenez eta ordutik oraino memoriaren arloan egindako bideaz. Gainera, egunkariaren azalak ere bereziki landuko ditu hedabideak, erreportajeei lotutako irudiek hartuko baitituzte lerroburu nagusiak egunero.

Bestalde, bi ikus-entzunezko ere argitaratuko ditu hedabideak, Guka Telebistan nahiz webguneetan. Horietako batean, eskualdeko heldu hainbatek Franco hil zen egunean bizitakoak eta sentitutakoak kontatuko dituzte; bestean, berriz, gazteak izango dira protagonista, eta transmisioa izango dute ardatz horiek.

Gainera, mahai ingurua egingo du Gukak, Franco hil eta 50 urtera frankismoaren itzala zer-nolakoa den aztertzeko. Mahaiaren bueltan elkartuko dira Eneko Etxeberria Aranzadiko presidentea, Amagoia Gurrutxaga kazetaria eta Unai Belaustegi EHUko historia garaikidean doktorea. Maddi Txintxurreta Gukako kazetariak gidatuko du saioa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide