Zuk konpondu, zuk berrerabili kanpainak herritarren artean harrera "bikaina" izan duela dio Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE). Zehazki, Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian merkatu bana zabaldu dute azken hilabeteotan, eta orotara 350 lagun gerturatu dira horiek ezagutzera. Kanpainaren barruan tailerrak ere eskaini dituzte, arropak eta tresna elektrikoak erreparatzen ikasteko; horietan, 100 pertsona inguru batu dira.
Kanpainaren helburua izan da herritarren kontsumo ohiturak eredu iraunkorrago eta kontzienteago baterantz gidatzea, eta horretarako konponketa zein berrerabilpena sustatu dituzte parte hartzaileen artean. UKUEren ekimenez gauzatu dute kanpaina, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Sailak lagunduta, eta Emaus fundazioaren parte hartzearekin.
Tailerrei dagokienez, Emaus fundazioko teknikariek kontatu dute emakumeek zein gizonek parte hartu dutela. "Gizarte bezala, pentsatu dezakegu aparatuen konponketa gizonen funtzioetara bideratuago dagoela, eta jostunena, aldiz, emakumearen funtzioetara. Hori dela eta, pozten gaitu bai neskek eta bai mutilek bi tailerretan parte hartu dutela ikusteak, sexu bereizketa handirik egin gabe", gehitu dute.
Bere aldetik, UKUEk azpimarratu du tokian tokiko ekonomia zirkularra sustatzen duten eragileek erakutsi dutela konponketa eta kontsumo arduratsua "ezinbestekoak" direla ohitura jasangarriagoak sustatzeko bidean, baita "ingurumena zaintzeko eta pertsonen ongizatea erdigunean jartzeko" ere. Elkarteak gaineratu du ekimena proba pilotua izan dela, herritarren artean "konpontzeko eta berrerabiltzeko ohitura sortzeko, eta bigarren eskuko denda eta zerbitzu hurbilenak identifikatzen laguntzeko".
UKUErentzat "esfortzu handia" izan da herri bakoitzean "ekimen sorta" prestatzea. Ingurumenarekiko ardura herri guztietara zabaltzeko asmoz egin du, "erantzukizunez jokatzea errazago izan dadin guztiontzat". Izan ere, elkarteak azaldu duenez, ehungintzaren industria munduko kutsatzaileenen artean dago: "Gipuzkoan, bakarrik, urtero 6 mila tona ehun-hondakin baino gehiago sortzen dira, eta, horietatik, %5 baino ez da berreskuratzen berrerabiltzeko". Tresna elektriko-elektronikoen hondakinei erreparatuz gero, herritar bakoitzak urtean 8kg baino gehiago sortzen dituela kalkulatzen dela dio UKUEk. "Horrek konponketa eta aprobetxamendua sustatzeko premia nabarmentzen du", berretsi du.