Kultura eta sormen prozesuetan Adimen Artifiziala erabiltzeko tailerra antolatu du UKUEk

Juan Luis Romatet 2025ko urr. 7a, 08:00

Adimen Artifizialaren erabilera irudikatzen duen marrazkia.

Testu, irudi, bideo edota musika sormenetan Adimen Artifiziala erabiltzeko gakoak eskainiko dituzte. Tailerra urriaren 21ean eta 23ean egingo dute, UKUEk Zarautzen duen egoitzan. 

Adimen Artifizialari (AA) buruzko tailerra antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) urriaren 21 eta 23rako. Oraingo honetan, AA kultur eta sormen prozesuetan nola erabili aztertuko dute. Hiru orduko bi saio izango dira, eta goizez emango dute, 09:30etik 12:30era bitartean, UKUEk Zarautzen duen egoitzan. 

Urola Kosta eskualdeko sortzaileei zuzendutako ekintza izango da honakoa, eta AAri buruzko jakintza orokorrak jasotzeaz gain, erabilpen desberdinei edota etika eta legediari buruzko irakaspenak ere jasoko dituzte. Saioetan teoria landuko dute, baita praktika ere. Testuak, irudiak, bideoak edota musika sortzeko zer Adimen Artifizial mota erabili ditzaketen ezagutuko dute, baita testutik irudira, iruditik bideora edota testutik bideora nola sortu ere. 

Tailerrean parte hartzeko aurrez izena eman beharko da honako formularioa beteta: form.jotform.com/241222818800045. Parte hartzeko beharrezkoa izango da ordenagailu eramangarria edo bestelako gailu informatikoren bat norberak ekartzea. Hala ere, halakorik ez dutenei Urola Kostako Udal Elkarteak utzi diezaieke bat.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide