Mintzalagun programan izena emateko epea zabalik dago

Julene Sorarrain 2025ko urr. 4a, 10:00

Kafe kikarak.

Euskaraz dakiten pertsonak euskara ikasten ari direnekin elkartzen ditu doako programa horrek. Urriaren amaieran online formatuan parte hartzeko aukera ere izango dute herritarrek.

2025-2026 ikasturteko Mintzalagun programa martxan da, eta izena emateko epea zabalik dagoela jakinarazi du Urola Kostako AEK-k. Egitasmoak euskaraz dakiten pertsonak –bidelagunak– euskara ikasten ari direnekin –bidelariak– elkartzen ditu, astean ordubetez, euskaraz aritu daitezen. Horrek aukera ematen die euskara doan eta denbora librean praktikatzeko. "Mintzalagun egitasmoa aukera ezin hobea da euskara praktikatu nahi, baina norekin egin ez dutenentzat. Aldi berean, oso egitasmo interesgarria da euskaraz lagun berriak egin eta euskara ikasten ari direnei lagundu nahi dieten herritarrentzat", azpimarratu dute antolatzaileek.

"Partaideak hiruzpalau pertsonako taldetxoetan elkartzen dira, euskaraz hitz egin dezaten. Batzuek paseoak ematen dituzte; beste batzuek kafetxoa hartzen dute; bada pintxo-poteaz gozatzen duen talderik ere", esan dute. "Euskaldun berriak euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du. Euskaldun zaharrak, berriz, euskaldun berriei laguntzen die, bertako hizkera erakutsiz, egiten ari diren ahalegina sarituz eta aitortuz".

Izena Internetez eman daiteke, baita 625 485 215 telefono zenbakira deituta edo urolakosta@aek.eus helbidera mezua bidalita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide