Larrialdiko harrera familiak behar dituzte Gipuzkoan

Julene Frantzesena 2025ko ira. 9a, 08:00

Ezkerretik eskuinera, Lucia Saiz harrera familien ordezkaria, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua nahiz Maitane Carcamo Familia Harrerako eta Adopzioko atalburuak. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

0 eta 3 urte bitarteko hamar haur artatzeko larrialdiko harrera familiak behar ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta 6 urtera arteko beste hemezortzik ere larrialdiko harrera familia behar dutela adierazi du. Hiru harrera modalitate daude, eta urgentziazkoak gehienez sei hilabeteko iraupena izaten du. Orotara, 885 adin txikikoren tutoretza dauka Gipuzkoako Aldundiak gaur-gaurkoz.

Foru Aldundiak jakinarazi duenez, larrialdiko harrera familien beharra dago Gipuzkoan. Hain zuzen ere, 0 eta 3 urte bitarteko hamar haur artatzeko familiak behar dituztela adierazi dute aldundiko ordezkariek gaur-gaurkoz. Dena den, adin tartea 6 urtera arte zabalduz gero, familia beharra duten adin txikikoak beste hemezortzi direla ere zehaztu dute. Ondorioz, 0 eta 6 urte bitarteko 28 umek dute Gipuzkoan harrera familien premia.

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuaren arabera, harrera familiak "funtsezkoak" dira adingabeen ongizatea bermatzeko, eta zehaztu du, larrialdiko kasuez gain, Gipuzkoan, gaur egun, 85 haurrek eta nerabek dutela familia baten beharra. Hark adierazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 885 adin txikiko lagunen tutoretza dauka, eta horietatik 556 bizi dira zentroetan eta 329 harrera familiekin.

Hiru harrera modalitate daude: urgentziazkoa –gehienez sei hilabeteko iraupena du eta berehalako ebaluzioa behar duten egoerei zuzendutakoa–; aldi baterakoa –bi urtera artekoa, jatorrizko familiak sendatzeko aukera duten adingabeentzat–; eta iraunkorra –epe laburrean jatorrizko familiara itzultzea aurreikusten ez den kasuei zuzendua–. Adinez nagusi direnean harrera familiarekin duten elkarbizitzak aurrera egin dezake, bi aldeek hala nahi baldin badute.

Kanpaina martxan

Familia guztiak izan daitezke harrera familia lelodun kanpaina martxan du Gipuzkoako Aldundiak, eta erakundeak zehaztu duenez, leloak dioena horrelaxe da. Izan ere, edozein familia bihur daiteke harrera familia, tamaina edo egitura edozein izanik ere. "Berdin dio bakarrik bizi bazara edo zure etxean bi, hiru, lau edo bost pertsona baldin bazarete. Garrantzitsuena da bakarrik dagoen haurrik ez izatea da", adierazi du Peñak.

Harrera familia izan nahi duten familientzat telefono zenbaki bat jarri dute martxan: 682 55 44 33 da haren zenbakia. Aldundiaren hitzetan, zenbaki hori "sinbolikoa" da, familia hainbatek bizikidetza ereduari buruz emandako informazioan oinarritzen delako eta familia guztiak harrera familia izateko baliagarriak direla transmititzea duelako helburu. "Kanpaina honekin, Gipuzkoako familiak animatu nahi izan ditugu pausoa ematera eta behar dutenei etxea eskaintzera", esan du Peñak.

"Balio onenaren eredu"

Peñaren ustez, harrera familiak Gipuzkoako balio onenen eredua dira: "Etxeko ateak irekitzen dizkiete behar duten haurrei eta nerabeei. Komunitate solidario eta arduratsua gara, pertsona ahulenak babesteko antolatzen dena. Haurren ongizatea bermatzea da gure lehentasuna". Diputatuak bereziki eman dizkie eskerrak programan parte hartzen duten familiei, egiten duten lana tarteko: "Ez da beti erraza: erronkak, zalantzak eta beldurrak hor izaten dira, baina baita ilusio, ausardia, maitasun eta konpromiso handia ere. Horrek guztiak ezin hobeto definitzen du harrera familia izateak esan nahi duena".

Borondatezko harrera familiak aldi baterako edo mugarik gabe etxea eskaintzen die arrisku edo babesgabetasun egoerak tarteko beren familiekin bizi ezin duten umeei eta nerabeei. Peñak esan duenez, harrera familien helburua da horiei egonkortasuna eta ongizatea eskaintzea, afektua ematea eta haien beharrak asetzea.

Gainera, zehaztu du ez dela harrera familia ez dela adopzioaren baliokidea, eta pauso horren aurreko urratsa ere: "Harrera familia izateak esan nahi du, modu altruistan, adingabea etxeko beste kide bat bezala integratzea, eta haren garapen emozionala, fisikoa eta soziala bermatzea, administrazioarekin lankidetzan. Ez da adopzio bat, ezta adopzioaren aurreko urrats bat ere, adingabe bakoitzaren historia errespetatzen duen babes neurri bat baizik, eta, onuragarria denean, familia biologikoarekin harremana mantentzea ahalbidetzen duena", gaineratu du hark.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide