Alex Mujika: "Espainiako Hirugarren Mailan jokatzeko ilusioa neukan, helburua baino gehiago"

Naia Makazaga 2025ko urr. 12a, 10:00

Alex Mujika. (Onintza Lete Arrieta)

Kirolari estuki loturik bizi izan da beti Alex Mujika Aizpurua (Orio, 2002). Txikitan, beste hainbat kirolen artean, futbola ere probatu zuen, eta dagoeneko hamalau urte daramatza kirol horren bueltan. Ikasketak ere kirol mundura bideratu ditu eta, beste mila saltsatan bezalaxe, Aiako igerilekuan ere ibili da uda honetan sorosle lanetan. Iraileko Aia-Orio Guka aldizkariko Hitz Tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

Errefortzu eskolak eman izan dituzu, herriko aisialdi taldean boluntario aritu izan zara, gauez zenbait tabernatan ere lan egin izan duzu, udalekuetako begirale izan zara, baita entrenatzaile ere… Nahikoa lan ez, eta orain sorosle. Nolakoa da zure lanegun bat?

Egun bakoitza oso desberdina izan ohi da, gehienbat eguraldiagatik. Giro ona tokatzen den egunetan, haur asko ibiltzen dira. Eguraldi kaskarragoa egiten duenetan, berriz, jende gutxi ibiltzen bada ere, bederatzi orduko txanda azkarrago igaro dadin saiatzen naiz igerilekura gerturatzen direnekin entretenitzen; betiere nire erantzukizunaren jakitun izanez eta arretaz ibiliz.

Espero zenuen giroa topatu al duzu Aiako igerilekuan?

Aian igeriketako eta teniseko udalekuetako begirale izandakoa naiz, eta bertako tabernan ere lan egin izan dut; hasi nintzenerako, hortaz, bertako asko ezagutzen nituen. Oso eskertuta nago aiarren tratuarekin, oso jende ona dago bertan. Hala ere, bereziki tabernako langileak eskertu nahiko nituzke, eskaintzen didaten laguntza guztiagatik.

Zeuk uste zenuena edo kanpotik eman dezakeena baino gogorragoa al da sorosle lana?

Hasieran presio edo ardura moduko bat sentitzen nuen, baina gerora ohitzen eta esperientzia hartzen joaten zara, lehenengo sendaketak egiten dituzu, lehenengo errietak ere bai… Eta gaur egun, oraindik kontu handiarekin ibiltzen naizen arren, hasieran baino askoz lasaiago nabil.

Modu batera edo bestera, zeharka edo zuzenean, baina beti egon izan zara kirol munduari lotuta. Aita, Agustin Mujika, arraunlari ohia izanik, arrauna ere probatu zenuen. Hala ere, nahiago izan zenuen futbola.

Askotan egin izan didate galdera hori. Umetan, gelako lagunak hondartzara joateko gelditzen ginenean, ordu gutxiren barruan herrira itzultzen ginen futbolean jokatzera; gure pasioetako bat beti izan baita futbola. Hala ere, arrauna etxetik jaso dudan kirol bat denez, izan nuen probatzeko gogoa. Pare bat urtez probatu nuen, baina futbola aukeratu nuen azkenean. Hala ere, batek daki; etorkizunean, beharbada, itzuliko naiz berriz arraun mundura.

Futbolean daramatzazun hamalau urteetan ez dituzu emaitza makalak lortu. Oriokon hasi, Deustun jarraitu, azken urteetan Pasaiako futbol taldean aritu, eta datorren denboraldirako Espainiako Hirugarren Mailan dagoen Azpeitiko Lagun Onak futbol taldeak fitxatu zaitu.

Orion egin dut nire ibilbidearen zati handiena, eta etxean bertan disfrutatu dut gehien kirolaz. Deustun jokatzeko aukera eskaini zidatenean, jende berria ezagutzeko eta esperientzia berri bat bizitzeko aukera polita zela iruditu zitzaidan; gauza bera esan dezaket Pasaiaren eskaintza iritsi zitzaidanean ere. Orain Azpeitira noa, ilusio eta gogo handiz nago.

Helburutzat izan al duzu inoiz Espainiako Hirugarren Mailan jokatzea?

Egia esan, herriko futbol taldetik atera nintzenean piztu zitzaidan ilusio puntu hori. Ohorezko Mailan jokatzen hasi nintzenean, 'lortu dut, eta orain zergatik ez gehiago?', esan nion neure buruari. Baina helburutzat baino gehiago, ilusiotzat izan dudala esango nuke.

Nola ikusten duzu edo nola ikusi nahiko zenuke zure etorkizuna kirolari eta langile moduan?

Etorkizuna baino gehiago, uste dut unea bera dela bizi beharrekoa. Lanari dagokionez, hala ere, gehien gustatzen zaizkidan lan motak jendearekin tratuan egotea ahalbidetzen duten horiek dira. Haurrak ere beti gustatu izan zaizkit… Ikusteko dago!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide