Saioak antolatu dituzte komertzio eta enpresekin klima aldaketaz informazioa eta bizipenak partekatzeko

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 7a, 08:00

Hainbat bonbilla piztuta.

Asteazkenean hasita, saio bana egingo dute Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, eta izena emateko epea zabalik dagoela jakinarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Klima aldaketaren ondorioak aurkeztu eta aztertzeko saioak antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko saltoki eta enpresentzat, eta saio bana iragarri du Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian. Aurreneko hitzordua hilaren 10ean izango da, asteazkenarekin (Zumaian), eta izena emateko epea zabalik dagoela azpimarratu du.

"Urola Kostako Udal Elkartea aztertzen ari da klima aldaketak eskualdeko sektore ekonomikoan nola eragin duen, eta aurrerantzean ere nola eragin dezakeen". Azterketa hori "osatzeko" antolatu ditu saioak eskualdeko sektore ekonomikoarekin, "ikerketaren berri eman eta euren bizipen eta ekarpenak jasotzeko".

"Ezinbestekoa da, beraz, Urola Kostako sektore ekonomikoetan diharduten eragileen ekarpena, ikerketa eta ondorioztatuko den txostena ahalik eta osatuena izan dadin", Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariaren esanetan: "Garrantzitsua da guztiok kezkatzen gaituen gai hau denon artean aztertzea, eragile, enpresa edota langile bakoitzaren beharrak eta kezkak jasota. Azterketa honetatik abiatuta ikusiko dugu eskualdeko ekonomia sareari nola lagundu diezaiokegun eragina aurreikusi eta egokitzen”, esan du.

Saioak herriz herri

Lehen aurkezpen saioa Zumaian egingo dute asteazkenean, eta azkena Getarian, hilaren 23an. Erakundeak azaldu duenez, ez da beharrezkoa herri bakoitzeko eragileak bere herriko saioetan parte hartzea, beste herrietako hitzorduetara ere joan daitezke, egokiagoa bazaie. Gainera, Oriokoa eta Aiakoa batera egingo dituzte, Orion. Honakoak dira hitzorduak herriz herri:

  • Zumaia: irailaren 10ean, asteazkena, 09:00etan Alondegia kultur etxean (Moila aretoa).
  • Orio eta Aia: irailaren 11n, osteguna, 17:30ean, Orioko Arraunetxean.
  • Zarautz: irailaren 22an, astelehena, 09:30ean, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan (Abendañon).
  • Getaria: irailaren 23an, asteartea, 17:30ean Zarautz jauregian.

Izena hemen eman daiteke. Informazio gehiago behar izanez gero, berriz, 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu daiteke, edo energia@urolakosta.eus helbidera idatzi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide