Asteburuan gaueko autobus zerbitzu berezia egongo da Aiako festak direla-eta

Aiora Arriola 2025ko abu. 6a, 14:43

Aiako festetako antzerkia.

Aiako San Donato eta San Lorentzo jaiengatik autobus zerbitzu berezia ezarriko da ostiraletik igandera arte, Oriotik eta Zarautzetik joan-etorria egin ahal izateko.

Abuztuaren 8an, 9an eta 10ean, gaueko autobus zerbitzua indartua izango da Aiako festak direlako, eta joan-etorria Oriotik zein Zarauztik egiteko aukera egongo da.

Abuztuaren 8 eta 9 arteko gauean, zerbitzua Aiatik soilik irtengo da, goizeko 02:00etan eta 04:00etan. Hamabost minutuko ibilbidea egingo du Oriora iristeko, eta, hogeita hamar minutukoa, Zarautzera ailegatzeko.

Abuztuaren 9 eta 10 arteko gauean, berriz, joan-etorria egiteko zerbitzu ugari eskainiko dituzte. Aiatik Oriora itzultzeko 00:25ean, 02:25ean eta 04:25ean abiatuko dira autobusak Zarauztik, goizeko 00:45ean, 02:45ean eta 04:45ean Aiara iritsiz, eta, bertatik, Oriora 01:10ean, 03:10ean eta 05:10ean ailegatuz.

Aiatik Zarautzera iritsi ahal izateko, berriz, autobusak 1:40an, 03:40ean eta 05:40an aterako dira Oriotik; Aiatik 02:05ean, 04:05ean eta 06:05ean pasaz eta bertatik Zarautzera goizeko 02:25ean, 04:25ean eta 06:25ean iritsiz.

Azkenik, abuztuaren 10etik 11 arteko gauean, zerbitzu bakarra egongo da Aiatik Oriora edo Zarautzera itzultzeko: 02:00etan irtengo da autobusa Aiako geltokitik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide