Zarautz, Aia eta Orio artean igaro du bizitza Alaitz Rotetak. Zarauztarra da jaiotzez, aiarra du aita, eta urte luzez lan egin zuen Orion, Bordatxo tabernan. Aiako eta Orioko herritar askorentzat ezaguna, etapa gozoa bizitzen ari da Roteta. Izan ere, COVID-19aren izurriteaz geroztik, indartsu heldu dio haurra zenetik lagun izan duen soinu txikiari. Martxoaren 5ean, esaterako, erromeria eskaini zuen Aristerrazun, eta giro aparta jarri. "Oso gustura" dago proiektu berriarekin, Durangoko (Bizkaia) Gorka Valdes eta Nafarreteko (Araba) Hekthor Folk lagun dituela plazaz plaza baitabil. "Gorkak soinu txikia jotzen du, nik bezala, eta Hekthor Folkek panderoa eta beste hainbat objektu erabiltzen ditu musika egiteko: garai bateko pertza, zerra eta beste hainbat. Hirukote berezia osatzen dugu, eta benetan pozik nago bizitzen ari garenarekin, garai goxoa da niretzat".
Proiektu berria, gainera, ezustean sortu zela aitortu du Rotetak. "Iazko Nafarroako Trikiti Jaialdian izan nintzen, eta euskaldunok ohitura dugun bezala, hitzordu hori ere mahaiaren bueltan bukatu genuen trikitilariok. Sagardotegi batean afaldu genuen, eta betiko moduan afalostea luzatu egin zitzaigun, norbere trikitia edo panderoa hartu eta giro ederra jarri baikenuen". Lehendik elkarren berri izan arren, hitzordu horretan ezagutu zuten elkar taldeko kideek. Hala, handik hilabete batzuetara, udako egun batean, Gorka Valdesen eta Hekthor Folken deia jaso zuen. "Zarauzko igandeetako erromeriara zetozela aprobetxatuz, kafetxoa hartu eta trikitia jotzeko geratu nahi ote nuen galdetu zidaten". Udako igande arratsaldeetan ez da erraza Zarautzen trikitia jotzeko moduko taberna bat bilatzea, eta Urdanetara igotzea pentsatu zuen Rotetak, "lasaiago" egoteko. "Kuadrillako lagun bat bizi da bertan, eta hari komentatu nionean, bere etxera gonbidatu gintuen, terrazan kafea hartuz entseatzera. Han grabatutako bideo bat zabaldu egin zen Instagramen, eta berehala batetik eta bestetik deika hasi zitzaizkigun", kontatu du.
Aranotik (Nafarroa) jaso zuten lehen proposamena, jaietarako antolatuta zuten talde batek huts egin ziela eta. "Guk ez genuen sekula jendaurrean elkarrekin jo, beti mahaiaren bueltan elkartu izan baikinen ordura arte". Hala eta guztiz ere, ez ziren kikildu, eta errepertorioa aukeratu eta hiruzpalau entsegu egin ondoren, Aranon eskaini zuten lehen erromeria. "Konexio polita lortu dugu. Bitxia da, adin desberdintasuna kontuan izanda. Izan ere, nire adina bien adinaren batura da", azaldu du Rotetak. Hori, ordea, ez da oztopo izan, eta zarauztarrak aitortu du berarentzat pertsonalki "bultzada ikaragarria" izan dela proiektu hau parean tokatzea. "Gogo eta ilusio handia dute bi gazteek, eta kutsatu egiten da. Egitasmoarekin gogotsu gabiltza: urtarrilaren bukaeran egin zen aurtengo Nafarroako Jaialdian elkarrekin jo genuen, baita martxoan Aristerrazun eta Lazkaoko Jaialdian ere".
Bide berria
Proiektu berria "berezia" da Alaitz Rotetarentzat, urte askotan zehar trikiti mundua alboratuta izan ondoren, berriz ere ilusioa piztu diolako. "Trikitia beti izan da nire bizitzan oso inportantea; 7 urterekin hasi nintzen soinu txikia jotzen eta 45 urte ditut gaur egun. Utzi-utzi, ez dut sekula guztiz utzi, baina egia da denboraldi luze batez ezin izan diodala nahi beste denbora eskaini". Faktore askok eragin dute horretan: etxeko egoerak eta lanak, batik bat. "Anaiak istripua izan zuen, eta etxean jotzen dudanean urduri jartzen da; horrek mugatu egiten nau entseatzeko orduan". Hasi, anaiarekin hasi zen Roteta plazetan, anai-arreba gisa jaialdietan eta ospakizunetan parte hartzen. "Zilarrezko ezteiak edo kinto bazkariak girotzeko deitzen ziguten, eta Aristerrazuko arratsaldeko saioan ere jotakoak gara; duela 30 urteko kontuez ari naiz. Anaiarekin jardun nintzen bikote gisa, Olatz Zubimendirekin hasi nintzen arte".
Gaztetan erromeriaz erromeria ibilitako urteen "oso oroitzapen politak" ditu trikitilari zarauztarrak. Urteak bete ahala, ordea, ardura berriak sortu zitzaizkion eta, pixkanaka, erromeriak albo batera utzi behar izan zituen. "Ostalaritzan lanean aritu nintzen urte askotan, eta tabernako arratsalde-gaueko ordutegia eta erromeriak ez ziren bateragarriak".
Aitortu du lan sektorez aldatzea erabaki zuenean, ez zuela buruan oholtzetara itzultzea, "kasualitatez" iritsi zitzaiola aukera. "Lanez aldatzea erabaki nuen etxeko zaintza beharrengatik. Astean zehar lan egiteaz gain, asteburuetan egun osoa tabernan pasatzen nuen. Gurasoak eta anaia adinean gora doaz, eta etorkizunean etor zitekeen egoera ikusita, aldatzeko beharra sentitu nuen, jakin banekielako zailagoa izango zela 55 urterekin bide berria abiatzea. Horregatik, buelta asko eman ondoren, erabaki nuen taberna utzi eta ikasten hastea". Denborak ematen duen ikuspegitik, erabaki "ona" izan zela uste du, eta amak esan ziona ekarri du gogora: "Taberna utzi eta berriz ere erromerietara joaten hasi nintzenean, batzuetan entzule eta besteetan trikitilari gisa, amak honakoa esan zidan: 'Zuk trikitixa behar duzu zoriontsu izateko, bizipoza ematen dizu'. Eta egia da, giro hori asko gustatzen zait. Aristerrazun, esaterako, jende asko biltzen denean, jangelako leihoetan muntatuta daukagun txosna zabaltzen da eta esku bat botatzen dut bertan. Maite dut Aristerrazuko giroa eta urte luzez bizi-bizirik eustea nahi nuke".
Aristerrazu, erromeria plaza
Aristerrazu plaza berezia da trikitilari guztientzat, eta ia bi hamarkada oholtzetatik kanpo egon ondoren, erronka izan zen Alaitz Rotetarentzat eta Olatz Zubimendirentzat 2018an Aristerrazuko agertokira igotzea. Bat-batean etorri zitzaien aukera. "Iosu Arrizabalaga Izer eta ni garaikideak gara, txapelketa eta jaialdietan kointziditzen genuen gaztetan. Harremana mantendu dugu ordutik, eta 2018an sagardotegi batean topo egin genuenean, Markinako Helduen Trikiti Txapelketan elkarrekin parte hartu behar genuela esan zidan erdi brometan". Roteta, orduan, ez zen txapelketan parte hartzeko prest ikusten, baina afari hartan bertan, Zubimendik Aristerrazun parte hartuko lukeela esan zuenean, hitza hartu zion lagunak. "Zenbait lagunen aurrean hori esatea, desafioa botatzea modukoa da, eta bueltan-bueltan, Aristerrazuko Juan Mari Azkuerekin hitz egin zuten, eta hamabi urtez elkarrekin jo gabe egon ondoren, 2018an Aristerrazuko oholtzara igo ginen Olatz eta biok".
Erronka garrantzitsua izan zen bi emakumeentzat Aristerrazun erromeria eskaintzea. "Hiru orduz jo behar da Aristerrazun, plaza oso garrantzitsua da. Bertara joaten direnak dantzara edo trikitia entzutera joaten dira, trikitizaleak dira, eta ondo ezagutzen dute mundu hori". Lehen saioa gainditu ondoren, aldian behin Aristerrazun saioren bat eskaintzen jarraitzea zen Rotetaren asmoa, eta jakin bazekien Zubimendi bera edo Ainara Saizar lagun izango zituela bide horretan. "Urte asko dira Ainarak eta biok elkar ezagutzen dugula. Beti izan gara mahai bueltan trikiti lagun. Pandemia garaian Aristerrazuko online erromeriek eman ziguten elkarrekin aritzeko aukera, eta hortik etorri zaizkigu erromerietan eta jaialdietan elkarrekin oholtzara igotzeko proposamenak".
"Maite dut Aristerrazuko giroa. Nahiko nuke urte luzez bizirik mantentzea"
Rotetak tabernako lana utzi zuenetik lehen baino "askoz denbora gehiago" dauka entseatzeko, eta nahi zuen urtean behin Aristerrazun jotzeko aukera izan, "urteko erromeria horren ilusioari eutsi", alegia. "Baina hortik aukera berriak sortzen hasi zaizkit, eta oso gustura nago". Abuztuan, esaterako, Zizurkilgo festetan saioa eskainiko du hirukoteak. "Nafarroako Jaialdian ikusi gintuzten, eta egiten duguna zertxobait berezia dela ikusita, Zizurkilen jotzeko proposamena egin ziguten".
Hirukoteak "errepertorio polita" duela irizten dio Rotetak, taldeko kide bakoitza lurralde banatakoa izanik, "konbinazio berezia" sortzen dutelako. "Erromeria giroa desberdin bizi da Euskal Herriko lurralde bakoitzean. Bizkaian, esaterako, ezer gutxi jotzen da dantza soltea erromerietan, herri kantuak, dantza lotu edo agarratuak eta rantxerak eskaintzen dira nagusiki. Horregatik, trikitilari bizkaitarrentzat erronka izan ohi da Aristerrazura etortzea, ez baita erraza ohituta egon gabe hiru orduz dantza solteak jotzea".
Lehen urratsak
Rotetaren etxean beti entzun izan da trikitia, eta haurra zeneko oroitzapenetan trikiti doinua beti presente duela aitortu du. "Gure atarian, nire gurasoen oso laguna zen bikote bat bizi zen, euren bi semeekin. Horiek Villabonako [Gipuzkoa] Martin musika eskolara joaten hasi ziren trikitia ikastera; oso eskola famatua zen garai hartan, bertatik trikitilari oso onak atera dira. 7 urte nituen orduan, eta bizilagun gazteak soinu txikia jotzen entzuten nituenean, argi nuen nik ere hori ikasi nahi nuela". Garai hartantxe Ramon Azpitarte Imuntzo hasi zen Zarautzen trikiti eskolak eskaintzen, eta harengana joaten hasi zen. "Berarekin jardun nuen 19 urterekin eskolak hartzeari utzi nion arte".
Gaur egun trikitia ikasteko modu asko daude: batzuek partiturak irakurriz ikasten dute, besteek zenbakizko sistemaren bidez, eta bada beste modu bat ere, aurrez aurrekoa. Rotetak "estilo zaharrean" ikasi zuen soinua jotzen. "Nire ustez, gaur egun ere, alderdi hori gehiago jorratu beharko litzateke, belarria asko lantzen baita. Hizkuntza Musikala ikasi nuen partiturak irakurri ahal izateko, baina nik belarriz lantzen dut gehienbat, eta gaur-gaurkoz, trikitixa entzuten ari naizenean, askotan doinu hori soinu txikian nola joko nukeen pentsatzen jarduten naiz neurekiko". Era berean, kanturen bat ikasi behar badu, dakienari jotzeko eskatzen dio, eta hari begira ikasten du. "Aurrez aurreko ikasketa trikitia belaunaldiz belaunaldi transmititzeko bidea izan da beti", eta Rotetak uste du "garrantzitsua" dela horri bizirik eustea.
Soinu txikia ikasten hasi zen lehen urteetako anekdotak ere baditu trikitilariak. "7 urterekin hasi nintzenean, astean behin joaten nintzen Imuntzorengana, baina ez zegoen gaur egungo baliabiderik grabazioak egiteko. Horregatik, irakaslearekin aurrez aurre ikasitako hori etxera iritsi orduko ahazten zitzaidan. Aurrerago grabagailuak erabiltzen hasi ginen, eta klasean landutakoa grabatzen genuen, ondoren etxean entzun eta jo ahal izateko", ekarri du gogora. Bide horretan, jarraikortasuna izatea behar-beharrezkoa izan zela aitortu du, eta gurasoek ere entseatzeko eskatzen ziotela. "Haurra nintzenean bazkalondoan entseatzen nuen, eta zaharxeagoa nintzenean, berriz, hasi nintzen arratsaldeetan eskolatik etorritakoan jotzen".
"Gozatu egiten dut oholtzan, eta aurrerantzean ere nahi nuke zirrara hori sentitu"
Atzera begiratuta, musika tresna ikasteko moduan aldaketa handiak gertatu direla uste du zarauztarrak. "Proposatu izan didate soinu txikia irakasten hastea, baina ezezkoa esan dut beti. Izan ere, iruditzen zait haurrei etxetik eskatzen zaien konpromiso maila guk genuena baino askoz txikiagoa dela. Haurrak eta gazteak eskolaz kanpoko jarduera mordoan izena emanda egoten dira, eta argi izan behar da edozein musika tresna ikasteko entseatu egin behar dela; diziplina handia eskatzen du". Oro har, musika tresnari behar duen ahalegina eskaintzeko "denbora eta gogoa" behar dira. "Ikasita inor ez gara jaiotzen, eta ikasteko jardun egin behar da".
Soinu txikia ikasteko jarraitu zuen bidean, "oholtzetara igotzea ikasketa prozesuaren parte" izan zela ere uste du Rotetak. "Zorte handia izan genuen. Anaiak Imanol Urkizurekin ikasi zuen panderoa, eta bikote gisa saioak eskaintzen hasi ginen 14 urte inguru nituenean". Garai hartan, igandeetako Aristerrazuko erromerian bi saio egiten ziren: arratsaldeetan, trikitilari gaztetxoak ateratzen ziren plazara, eta jarraian, helduak. "Imuntzok Aristerrazun saioa eskaini behar zuenean, bere ikasleak igotzen ginen oholtzara arratsaldeko saioan". Gainera, nerabetan parte hartu zuen Rotetak lehenengo txapelketan. "Nire lehen txapelketa Gaintzan (Gipuzkoa) izan zen; 13-14 urte izango nituen orduan, eta ordutik beste askotan parte hartu izan nuen. Egia da trikitilari guztiek ez dutela atsegin txapelketetan parte hartzea edo jendaurrera ateratzea, baina uste dut plazara ateratzeko aukera izateak lotura estuagoa sortzen duela musika tresnarekin, eta oro har trikiti munduarekin. Saioa hasi aurretik izaten den urduritasuna gaindituta, nik neuk gozatu egiten dut oholtzan, eta aurrerantzean ere jarraitu nahi nuke zirrara hori sentitzen".
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.
MOTZEAN
Trikitilari erreferente bat: Imuntzo.
Plaza bat: Aristerrazu.
Erromeria non eskaintzea gustatuko litzaizuke? Dantzariak eta trikitizaleak gustura biltzen diren edozein plazatan.
Zer da trikitia zuretzat? Bizitza.
Trikiti munduan gehien markatu zaituen pertsona: zaila da bakarra aukeratzea, jende on asko eman baitit trikiti munduak.
Amets bat: ez nuen espero horrenbeste urteren ondoren berriro oholtza gainean egoterik, ezin dut gehiago eskatu.