Hezkuntza publikoko sukaldarien eta garbitzaileen greba, bertan behera

Julene Frantzesena 2025ko mar. 21a, 13:33

Hainbat lagun hezkuntza publikoko azken greba egun bateko manfiestazioan. (ELA)

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak eta LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek hezkuntza publikoko sukaldarien eta garbitzaileen lan baldintzak hobetzeko akordioa lortu dute. Horrenbestez, hezkuntza publikoko irakasleen greba deialdiarekin soilik jarraituko dute sindikatuek; hilaren 25erako, 26rako eta 27rako nahiz apirilaren 1erako eta 2rako daude grebara deituta horiek.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak eta LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek hezkuntza publikoko sukaldarien eta garbitzaileen lan baldintzak hobetzeko akordioa lortu dute, eta ondorioz, bertan behera utzi dute arlo horietan aritzen diren beharginen greba.

Hilaren 25erako, 26rako eta 27rako nahiz apirilaren 1erako eta 2rako egin zuten sindikatuek greba deialdia, eta bertan behera utzi dute gaur, akordioa erdietsita. Dena den, irakasleen greba deialdiak indarrean jarraitzen du; irakasleak grebara deituta daude datozen bi asteetako bost egun horietan.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak "albiste ontzat" jo du akordioa, eta balioa eman dio akordioa sindikatu guztiek sinatu izanari. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, akordioak hezkuntza publikoko 800 sukaldariri eta garbitzaileri eragingo die. ELA sindikatuak aurreratu duenez, soldatak %9 igotzea, lan kargak arintzea, ratioak %17 jaistea, jubilatzeko eskubidea bi urte aurreratzea, subkontratazioa etetea eta 55 plazako lan eskaintza publikoa egitea jaso dute hitzarmenean.

Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek Haurreskolen patzuergoari lotutako akordioa erdietsi zuten otsailean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide