Lanbide Heziketa eta Enplegu Azoka egiten ari dira goizetik Azkoitian, eta Elkargunean bildu dira Urola Kostako eta Urola Erdiko Lanbide Heziketako ikastetxeak, herritarrei beren eskaintzaren berri emateko.
Iraurgi Berritzeneko, Urola Kostako Udal Elkarteko, Lanbideko, Monte Albertia LHIIko, Oteiza lizeo politeknikoko, Zumaia BHIko, Oinarrizko Lanbide Heziketako, Izarraitz Lanbide Heziketako nahiz Aiala sukaldaritza eskolako kideek postuak jarri dituzte Herriko Plaza aretoan, eta eskualdeko DBHko eta Batxilergoko ikasleak joan dira azokara; antolatzaileen arabera, ia 600 gaztek parte hartuko dute egitasmoan. Ordea, eskualdeko eskaintzaren gaineko informazioa eta aholkularitza jaso nahi duen edozein herritarrek du hara joateko aukera 17:00ak bitartean.
Urola Kostako eta Urola Erdiko Lanbide Heziketako ikastetxeek, garapen agentziek eta Lanbidek antolatu dute azoka talentua sortzeko, erakartzeko eta mantentzeko xedez. Besteak beste, Lanbideko ziurtagiriak eskuratzeko, konpetentzien aitorpena egiteko nahiz ikastaroetan parte hartzeko beharrezkoa den informazioa emango diete hala nahi duten herritarrei.