Hezkuntza publikoan beste bost greba egun deitu dituzte sindikatuek

Julene Frantzesena 2025ko mar. 11a, 12:40

Hainbat lagun hezkuntza publikoko azken greba egun bateko manfiestazioan. (ELA)

Irakasleak eta sukaldeetako nahiz garbiketako langileak deitu dituzte grebara, hil honen 25erako, 26rako eta 27rako nahiz apirilaren 1erako eta 2rako. Grebara deitu dituzte beharginak, kalitatezko hezkuntzara bidean, kalitatezko hezkuntzara bidean, "lan baldintzak hobetzea, sare publikoa erdigunean jartzea eta inbertsio publikoa handitzea" eskatzeko. 

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek hezkuntza publikoan beste bost greba egun deitu dituzte martxorako eta apirilerako. Irakasleak eta sukaldeetako nahiz garbiketako langileak deitu dituzte grebara, hil honen 25erako, 26rako eta 27rako nahiz apirilaren 1erako eta 2rako. Hezkuntza publikoko langile horien denentzat greba deialdi berbera egin dute, "aldarrikapenetan bat egiten duten puntuak" daudelako.

Urtarrilean eta otsailean egindako greba egunei jarriapena emango diote, horrenbestez, sindikatuek datozen asteetan. Sindikatuetako ordezkariek gaur eman dute horren berri Bilbon egin duten agerraldian. Urte hasierarekin abiatutako greba deialdiek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila hitzarmen berrietarako proposamenak mahai gainean jartzera "behartu" dutela esan dute sindikatuetako kideek, baina edukiak beren aldarrietatik "oso urrun" daudela adierazi dute.

Aurreko hilabeteetan egindako "mobilizazio arrakastatsuei" segida emango diete, beraz, kalitatezko hezkuntzara bidean, "lan baldintzak hobetzea, sare publikoa erdigunean jartzea eta inbertsio publikoa handitzea" eskatzeko. Halaber, sindikatuetako kideek gogorarazi dute egun indarrean den lan hitzarmenak hamabost urte badituela; irakasleena 2010ekoa da, eta sukaldeetako eta garbiketako langileena, berriz, 2009koa. Hitzarmen horiek negoziatzea eta berritzea eskatu dute, eta Hezkuntza Sailari eskatu diote orain arteko jarrera itxia albo batera uzteko.

Besteak beste, lan zamak arintzeko neurri zehatzak hartzea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, plantillen gazte-berritze plana berritzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta ikastetxe publikoen fusioen eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatzea eskatu diote Jaurlaritzari. Gainera, hezkuntza publikoko sistema osoa euskalduntzeko politikak indarrean jartzea eta berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak martxan jartzea ere galdegin diote Hezkutza Sailari.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide