Aia

Ibai Makazaga eta Sarah Ugarte gailendu dira Aiako mendi lasterketan

Aritz Mutiozabal 2025ko mar. 2a, 15:00

Korrikalari oriotarra ziztu bizian helmugaratu da, eta gizonezkoen marka berria jartzetik oso gertu ibili da. Emakumezkoetan, iaz bigarren izan ondoren, aurten txapela bereganatu du tolosarrak. Guztira, 260 bat lagunek osatu dute 14,6 kilometroko mendi ibilbidea.

Aiako paraje malkartsuetan gora eta behera aritzeko baldintza egokiak izan dituzte gaur goizean, Aiako Kirol Elkarteak antolatutako XIV. mendi lasterketan. Hotz puntua, bai, baina lur sobera lehorra izan dute; apur bat hezea egonagatik, apenas lokatzik topatu dute bidean. Markak ontzeko aukera polita izan dute ibilbidea osatu duten 260 lagunek, beraz.

14,6 kilometroko ibilbidea egin ondoren, Ibai Makazaga oriotarra izan da helmuga zeharkatzen lehena. Ziztu bizian jaitsi da herriko plazara eta modu berean igaro du iritsierako arkua. Denbora-markagailuari begira geratu dira guztiak, eta une batez, zalantza ere sortu da ea iaz jarritako errekorra hautsi ote duen. Azkenean, antolakuntzak argitu du bozgorailutik: 01:03:45eko denbora egin du, eta sei segundo eskasengatik ez du lortu marka berria jartzea; Alain Santamariak jarri zuen 2023an, 01:03:39 denboran.

Makazagaren atzetik, 51 segundora, Ibai Larrea antzuolarra sailkatu da bigarren postuan –aurreko edizioan Ekain anaiarekin batera irabazi zuen proba–, eta hirugarren postuan, 55 segundora, Oier Zubeldia donostiarra. Podiuma osatu duen hirukoaren ondorengoa, jada, bi minutura helmugaratu da: Irazu Aranburu mallabitarra. Gizonezkoen boskotea Mikel Usandizaga aiarrak osatu du, eta beretzat izan da herri onenaren saria; emakumeetan ez aiarrik atera lasterka.

Emakumezkoetan, Sarah Ugarte tolosarra izan da nagusi, 01:21:08ko denborarekin; iaz bigarren izan zen. Alde handiarekin irabazi du proba, bigarrena izan den Vanessa Arbelaitz zumaiarrari minutu bat eta 44 segundoko aldea atera baitio. Lehia gehiago izan da bigarren eta hirugarren posturako; izan ere, hamargarren kilometroan nahiko parekatuta zihoazen Arbelaitz bera, Leire Uribe durangarra, Itxaro Zabaleta leitzarra eta Irune Lertxundi oriotarra, segundo batzuk gorabehera.

Azken bost kilometroren faltan ekin dio bakoitzak bere jokoari, eta azkenean, Uribe izan da hirugarren, baina orpoz orpo izan du Zabaleta plazara iristerakoan. Handik hamar segundo ingurura iritsi da Lertxundi bosgarren postuan. Amaiera, lehen bost sailkatuak batera atera dute argazkia, lasterketa elkarrekin egin dutela oroitzeko.

Garaileek txapela eta 200 euro jaso dituzte, bigarren egi dutenek 150 euro, eta hirugarrenek, berriz, 100 euro. Horrez gain, mendi lasterketan parte hartu duten guztientzat hamaiketako ederra eskaini du Aiako Kirol Elkarteak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide