2024. urteak askotariko albisteak utzi ditu Aian eta Orion; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Orioguka.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Orio Gukak 2024an, eta hainbat izan dira komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 2.811 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, zortzi albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.
2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 515.153 bisita izan ditu Orio Gukaren webguneak. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Horrela, milioi erdi bisitaren langaren gainetik jarraitu du beste urtebetez. Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 1.408 bisita izan ditu webguneak.
Joerak azken urteetako berbera izaten jarraitzen du: herritarrek batez ere eskuko telefonoa erabiltzen dute Interneteko edukiak kontsumitzeko. 2023an erabiltzaileen %80 inguruk aukeratu zuten bide hori Orio Gukaren webguneko edukiak irakurtzeko orduan, eta 2024an, %74 izan dira.
Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak oso onak izan dira 2024an ere. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Azpeitia Guka, Azkoitia Guka, Zumaia Guka, Zarautz Guka, Orio Guka eta Guka– 9.942.528 bisita izan zituzten iaz, urtebete lehenago adina.