Orio eta Aiako Euskaraldiaren dinamizatzailea kontratatzeko deialdia egin du Euskaltzaleen Topaguneak

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 8a, 14:26

Orain bi urteko Euskaraldiaren Orioko hasiera ekitaldia. (Onintza Lete Arrieta)

Gaur amaituko da curriculumak bidaltzeko epea. Kontratuak sei hilabetekoak izango dira, egun erdikoak: 2025eko urtarrilaren 7tik ekainaren 6ra.

2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldiaren 4. edizioa, eta Euskaltzaleen Topaguneak pertsona bat kontratatuko du, Orion eta Aian edizio honetako lanak koordinatu eta dinamizatzeko. Urola Kostako Udal Elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatu du Euskaltzaleen Topaguneak, eta horren bidez finantzatuko du kontratazioa.

Lankidetza-hitzarmenaren arabera, Euskaltzaleen Topaguneak hiru langile hartuko ditu eskualdean proiektua dinamizatzeko: bat, Aian eta Orion aritzeko; bestea, Zarautzerako; eta beste bat, Zumaia eta Getariarako.

Martxan daude hiru dinamizatzaileak aukeratzeko lehiaketak, eta gaur, abenduaren 8a, da izena emateko azken eguna. Kontratuak sei hilabetekoak izango dira, egun erdikoak: 2025eko urtarrilaren 7tik ekainaren 6ra.

Izena Lansarearen webgunean eman behar da, eta bertan dago zehaztuta lanpostuaren eginkizunak eta betebeharrak zein diren.

Dena den, deialdiari buruzko argibideak jasotzeko edota curriculumak bidaltzeko helbide elektroniko hau ere eskuragarri dago: jon@topagunea.eus.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide