Tokikom sariak 2024

Gukaren bi lan Tokikom sarietarako hautagaien artean

Erredakzioa 2024ko aza. 4a, 09:28

Tokikomek azaroaren 22an banatuko ditu urteko azalik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onenari dagozkion sariak Berriobeitiko (Nafarroa) Artikako Kultur Etxean. Horrez gain, tokiko komunikabideen erronkak aztertuko dituzte ekitaldian, HUHEZIko Jon Sarasua, AEK-ko Lurdes Etxezarreta eta Xabier Garcia eta Eldiario.es-eko Ramon Argelinaren laguntzaz.

Tokikom tokiko komunikabideen bateraguneak Tokikom sariak banatuko ditu Berriobeitiko (Nafarroa) Artikako kultur etxean, azaroaren 22an. Azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena nabarmenduko dituzte sariketa horretan, eta Gukaren bi lan egongo dira finalisten artean: bata, azalik onenen atalean, Orio Guka aldizkarian argitaratutako Olatu berrien bila azala; eta bestea, edukirik onenen atalean, Azpeitia Gukan argitaratutako Gelditu dira inprentaren makinak erreportajea. Gainera, Nafarroa Saria ere emango diote Nafarroako baloreak eta konpromisoa ondoen islatzen dituen lanari. "Sarion helburu nagusia toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea" dela adierazi dute antolatzaileek. 

Azalik onenaren saria jasotzeko hautagaia. 

Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatu nahi du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko. Horretarako, hiru ponentzia mamitsu antolatu ditu, erronka horien artean kokatzen diren hiru gai nagusienetakoen inguruan: euskararen beraren etorkizuna, lanen eta baliabideen antolakuntza hobetu beharra, eta hedabideen inguruko komunitategintza. Horretarako, izen handiko gonbidatuak ekarriko ditu, hurrenez hurren:

  • HUHEZIko Jon Sarasuak Euskararen Gogoetaguneak egindako lanketaz, eta lanketa horretan hedabideei aitortzen dien paperaz jardungo du.
  • AEK-ko Lurdes Etxezarretak eta Xabier Garciak, berriz, AEK-k azken urteotan barne integrazioaren eta antolaketaren alorrean egiten diharduen prozesuaren berri emango dute, toki komunikabideentzat interesgarria izan daitekeelakoan.
  • Azkenik, Eldiario.es-eko fidelizazio arduradun Ramon Argelinak haien kidetza eta fidelizazio estrategiaz hitz egingo du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide