2024-2025 kurtsoko jarduerei hasiera eman die jada Kostan elkarteak

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 1a, 13:00

Kostan elkarteko kideak aurtengo martxoan egindako bazkarian. (Kostan elkartea)

Zarauzko eta, oro har, Urola Kosta eskualdeko emakume zein gizonek sortutako elkartea da Kostan, eta Pedro Miguel Etxenikeren hitzaldi batekin hasi du kurtso berria. 

Kostan elkarteak ekin dio dagoeneko kurtso berriari. Zehazki, duela hilabete, urriaren 1ean hasi zuen 2024-2025 kurtsoko egitarauari Pedro Miguel Etxenike zientzialariak Oppenheimer, zientziaren dilemak izeneko hitzaldiarekin. Denboraldi honetarako dagoeneko 60 saio hitzartuta dituztela ere adierazi dute. 

Urola Kostako lagun talde batek, emakume zein gizon, 2007an eratutako elkartea da Kostan. Partaideen aisialdiaren zati bat kulturara eta prestaketara bideratzeko asmoz sortu zuten elkartea, beraien esanetan, "adinekoen bizi-baldintzak hobetzen inbertitu ahal izateko". Elkartearen hamazazpi urteetan etengabeko jarduerak antolatu dituztela eman dute jakitera ohar baten bidez. "Urola Kosta eskualdeko adinekoen kolektiboari zuzentzen gatzaizkio, etengabeko ikaskuntza eta prestakuntza eskatzen baitute, hazkunde eta garapen pertsonalean eta elkarreraginean interesa duten pertsonentzat, eta, horrela, bakardade eta isolamendu egoerak saihesten baititugu".

Orain arte antolatutako ekintzen artean arrakasta handiena prestakuntza hitzaldiek izan dutela ere azpimarratu dute. "Hitzaldi horiek urriaren hasieratik hurrengo urteko maiatzaren amaierara arte programatzen dira, astearte eta ostegunero, bi orduko iraupenarekin. Modelo eta Antoniano zinema-aretoan izaten dira".

Ia 200 bazkide

Gaur-gaurkoz, 197 bazkide ditu Kostan elkarteak. Horietatik gehienak –140– emakumeak dira eta gainontzeko 57ak gizonak. "Kopuru horrek esan nahi du aurreko ikasturtearen aldean % 24,7ko hazkundea izan dela, 166tik 197ra. Bazkide kopurua hazteko dugun muga nagusia zera da, pertsona gehiagori arreta emateko edukiera nahikoa duen lokalik ez izatea".

Elkartearen inguruko informazio gehiago beraien webgunean eskuratu daiteke.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide