HERRIAN GALDEZKA

Iritsi da perretxiko sasoia. Perretxikotara joateko ohiturarik ba al duzu?

Erredakzioa 2024ko aza. 1a, 09:00

Ezkerretik hasita, Jose Luis Zufiria, Ainara Bravo eta Garikoitz Zubillaga. (Guka)

Urriko Aia-Orio Guka aldizkarian, Herrian galdezka atalean, honako galdera egin diegu hiru herritarri.

Jose Luis Zufiria (Orio)

"Udazkenean joaten naiz, baina sarri ere ez. Emaztearekin ikasi nuen perretxikotan, haren baserrian zaleak zirelako. Pilarika aldera gustatzen zait hastea perretxikotan, orduan nabarmentzen direlako, bai behintzat nik dakizkidan tokietan. Orio inguruan ere ibiltzen naiz, baina kanpoan gehiago. Gainera, hemen pinudi asko bota dituzte azkenaldian, eta nik nekizkien toki asko galdu egin dira. Duela lau urte inguru Sorian [Espainia] izan nintzen; hura bai gozamena! Hotza egin zigun, elurra ere bai, baina perretxikoa barra-barra aurkitu genuen. Dena den, haraino joaterako, komeni da lagunen batek edo abisatzea jada badagoela perretxikoa, bestela... Neuri jateko gibelurdina gustatzen zait gehien, nahiz eta horixe aurkitzen dudan gutxien".

Ainara Bravo (Orio)

"Gure familian osabak dira perretxiko bila joan ohi direnak mendira; aita ere bai, noizbehinka. Baina ez digute esaten nora joaten diren, bestela geuk ere hartuko genituzke eta. Neu gaztaina bila joaten naiz, horiek ere sasoi honetan biltzen dira eta. Normalean Itxaspeko eta Kukuarriko bidean ibiltzen naiz, baita Aiako bideetako batean ere. Dezente biltzen ditut, gero danbolinean erretzeko. Aurrena, hori bai, terrazan edukitzen ditugu, lehortzen. Bildu ez, baina jan gustura asko jaten ditugu perretxikoak; tortillan, espagetiekin, barazki batzuekin... Oso zapore ona ematen diote janariari, asko-asko gustatzen zaizkit, batez ere onddoak; txanpinoiak ere gustatzen zaizkit, baina besteak zapore gehiago dauka, diferentea".

Garikoitz Zubillaga (Aia)

"Neu ez naiz perretxikotara joaten, oso gustura jaten ditudan arren. Hori bai, haurra nintzela aitarekin joaten nintzen, hark bazuelako zaletasun hori. Orain, adinagatik utzita dauka, baina gustatzen zitzaion semeekin joatea. Bere jakituria hori, pixka bat, jaso dut, gero neuk jarraitu ez arren. Badakit gibelgorria zer den, gibelurdina zer den, xixahoria, onddoak, miskaloak... horietatik denetarik jaten dut, gustukoen onddoa dudan arren. Oso mendizalea naiz, baina ez dut perretxikotan jarraitzeko borondaterik izan, eta gaur egungo bizimoduarekin, gainera, denborarik ez daukat. Inguruan ere, ez pentsa, ez daukat zale handirik, lankide bat izan ezik. Hark beti orain udazkenean hartzen ditu oporrak perretxikotara joateko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide