Gutxieneko zerbitzuak izango dira bihar autobus zerbitzuetan, greba deialdia dela eta

Ihintza Elustondo 2024ko urr. 27a, 08:03

Lurraldebusen hainbat autobus.

UGT eta CCOO sindikatuek deituta, greba egingo dute bihar autobus zerbitzu publikoetan, sektoreko jubilaziorako koefiziente erreduzitzaileak aplikatzea eskatzeko. Deialdiak eragina izango du Lurraldebusen zerbitzuetan; ohiko zerbitzuen %30 izango dira martxan.

UGT eta CCOO sindikatuek deituta, greba egingo dute bihar autobus zerbitzu publikoetan, sektoreko jubilaziorako koefiziente erreduzitzaileak aplikatzea eskatzeko. Eusko Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzuak bermatuko ditu garraio zerbitzuetan, herritarren garraiorako eskubidea bermatzeko, langileen grebarako eskubidea urratu gabe.

Greba bihar –urriak 28– 00:00etatik aurrera egingo dute, baina biharko egunerako ez ezik, egun gehiagotarako ere egin dute sindikatuek deialdia: hain zuzen ere, azaroaren 11n, 28an eta 29an eta abenduaren 5ean eta 9an ere gauzatuko dute, eta abenduaren 23tik aurrera, greba mugagabera joko dute.

Ohiko zerbitzuen %30 izango dira bihar martxan, eta osasun zentroetara doazen zerbitzuek eta bestelako alternatibarik ez dutenek izango dute lehentasuna. Gainera, lantokietara sartzeko eta irteteko orduak "bereziki" zaindu beharko dira.

Greba deialdiaren harira, Lurraldebusekin harremanetan jarri da hedabide hau, eta erakunde horrek adierazi duenez, eskualdean ere eragina izango du lanuzteak. Beren webgunean zehazten dutenez, Urola Kostan, UK07 (Zumaia-Aizarnazabal), UK08 (Zarautz-Orio), UK09 (Zumaia-Donostia N-634), UK10 (Zumaia-Donostia A-8 Zarauztik), UK11 (Zumaia-Donostia A-8 Oriotik) eta DB05 (Ondarroa-Zumaia) lineetan izango du eragina lanuzteak. 

Lotura honetan kontsulta daiteke zeintzuk izango diren biharko gutxieneko zerbitzuak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide