Mutiozabal Txok haur eta gaztetxoei eskaini dien egitasmoarekin gustura daude antolatzaileak, baina ez haiek bakarrik: proiektuan parte hartzen aurrenak izan diren Orioko bi ikastetxeek ere balorazio positiboa egin dute, Aia-Orio Gukari azaldu diotenez. Zaragueta herri eskolako arduradunek, esaterako, hainbat arlotan ikusi dute aberasgarria Albaolaren proiektua: "Lan kognitiboaz gain, eskulana bultzatzen duen proiektua izatea oso interesgarria da guretzako, ikasleak ez daude-eta horretara batere ohituta: ontziolako trepetak ezagutu, egurra neurtu, moztu eta lixatu, iltzeekin oholak josi eta abar egiten aritu dira". Orioko Herri Ikastolako arduradunak ere ildo beretik mintzatu dira: "Gizartea gero eta digitalagoa den honetan, ikasleei asko gustatu zaie beren mailu, iltze eta abarrak hartu eta lanean jardutea, eta guk ere oso-oso gustura ikusi ditugu".
Horrez gain, Zaraguetakoentzat "pedagogikoki esanguratsua izan da bai ikasleentzat, bai irakasleentzat", eta azaldu dute ikasleentzat prestatutako material didaktikoa erabili dutela, "ontziolako tresneriaren hiztegia biltzen duena". Ikastolak ere garrantzia eman dio bai testuinguru osoa kontatzeari, baita teoria praktikoari ere: "Inportantea iruditu zaigu erakustea zer den babor, zer den estribor nahiz popa, eta zer ontzi mota dauden eta zergatik egiten zituzten horiek", azaldu dute.
Zaraguetakoentzat, "politena izan da esperientziaren alde praktikoa, baita Esteban Gozategi ontziolako langile erretiratuarekin izandako berriketaldia ere". Horrez gain, euskararen ezagutzari egiten dion ekarpena kontuan hartzekoa dela uste dute: "Ezarian-ezarian, itsasoari lotutako hitz asko galtzen ari dira eta, alde horretatik, ontzien parte eta tresneria erakusteak edo eskarmentu handiko ontzigileekin elkarrizketak izateak asko laguntzen die ikasleei hiztegia aberasten".
Curriculumerako egokia
Orioko curriculuma osatzeko baliagarraia ote den galdetuta, ikastetxeek ez dute zalantzarik proiektuaren egokitasunaz: "Orioko curriculumarekin erabat lotutako gaia da, garrantzia handikoa", iritzi dio ikastolak.
Zaraguetak ere gaiaren garrantzia azpimarratu du: "Gure herrian bertan, errio bazterrean kokatuta egonda, Orioko curriculuma garatzeko baliagarria da, zalantza izpirik gabe. Oriotarrok, orokorrean, ez dugu gure itsas historia ezagutzen, ez bakailao, ez balea, ez eta ontzigintzari buruz. Zentzu horretan, eskainitako jarduerek ontziolen historiaz eta garaian garaiko ekonomian izan duten garrantziaz hitz egitea ahalbidetu dute. Era berean, modu informalean izan badira ere, ontziolan langileen azalpenak oso baliagarriak izan dira".