Eider Arruti: "Orain da momentua planteatzeko zer egin nahi dugun Mutiozabalen"

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 9a, 08:00

Eider Arruti. (Onintza Lete Arrieta)

Mutiozabal ontziolaren hezkuntza proiektua bigarren ikasturteari ekitear da, eta proiektuaren patroi Eider Arrutik bizi-bizi azaldu ditu orain arteko ibilbideaz egiten duten balorazioa eta ikasturte berrirako dituzten asmoak. Errioa bezala, egitasmo hau ere bizirik dago, mugitu eta aldatu eta berritu egiten da, eta horretaz ere jardun du oriotarrak iraileko Aia-Orio Guka aldizkariko elkarrizketan.

Dir-dir egiten diote begiek Eider Arrutiri (Orio, 1995) Mutiozabal Txo ontziolaren proiektuaz hitz egiten duenean, eta hitz jario bizian kontatzen ditu bi urte hauetan haurrekin zein ontziak eraikitzen bizitakoak, eta pasio berarekin jarduten du ontzien ezaugarri teknikoez nahiz eraikitze prozesuez, baita itsas ondarea babestearen inguruan egiten duen hausnarketaz ere. Albaola Itsas Faktoriako langilea da eta Mutiozabal Txo hezkuntza proiektuaren koordinatzailea, eta hilabete hauetan ikerlari ere badabil, gradu amaierako lan baten aitzakian: errioa, arrantza eta emakumea aipatu ditu behin eta berriz.

Bigarren ikasturtea abiatzear da Mutiozabal Txo ontziolaren proiektua. Zein da orain arteko balorazioa?

Oso ona. Paperak dena aguantatzen du, baina praktikan, ez genekien 10-11 urteko neska-mutilak nola moldatuko ziren ontzia egiteko erremintekin. Horregatik, egin genuen aurren gauza izan zen Orioko bi ikastetxeekin lauzpabost saiotan frogatzea buruan geneukana posible zela. Proba pilotua 2022an egin genuen; posible zela ikusi genuen, eta orduan hasi ginen ontzia eraikitzen. Lehen ikasturte hartan soilik herriko ikastetxeekin genuen akordioa LH5eko eta LH6ko ikasleak etortzeko. Oso ondo funtzionatu zuela ikusi genuen. Horrez gain, Aginagatik deitu ziguten etorri nahi zutelako; oso talde txikia izan zen, baina zoragarri funtzionatu zuen.

Eta 2023ko maiatzean, denen artean egindako alaren botadura egin zenuten.

Bai. Ala hura haurrekin egin genuen, eta azken ukitua, pintatzea eta kalapetatzea, Albaolako kideok egin genuen. Ikasturte amaieran uretara bota genuen ala, ontzia eraikitzen aritu ziren ikastetxe bakoitzeko neska-mutil banarekin, eta horrekin itxi genuen ikasturtea. Udan hasi ginen berriz proiektuari bueltak ematen, eta aurreneko aldiz, 2023-2024 ikasturtean ireki dugu proiektua beste herrietako ikastetxeetara.

Ehunka ikasle izan dituzue ontziolan.

Deialdia diskretuki egin genuen joan den ikasturtean, zaila delako aurreikustea talde bakoitzarekin zenbat aurreratuko dugun ontziaren eraikuntzan. Piezak aurrez ekoizten ditugu, eta hona, gutxi gorabehera, neurrira ekartzen ditugu, baina pausoren bat konplikatuagoa bada eta gaizki ateratzen bada, konpontzera etorri behar dugu, eta lana aurreratzera. Hortaz, zailtasunen artean bat da kudeaketa bera; nola kudeatu lan hori denboran. Baina, tonto-tonto, 900 ikasle pasatu dira joan den ikasturtean; oso ondo funtzionatu du. Aurreneko ontzian guk egin genuen amaierako lana, kalapetatzearena, eta oraingoan, 2024-2025 ikasturte hasieran, Orioko ikasleekin egin nahi dugu.

Ikasle horien denen artean egindako alaren gainean gaude eserita. Zer polita horrenbeste esku aritu izana ontzi bakarra egiten, ezta?

Polita da, bai. Batzuek lurra jarri zuten, beste batzuek alboko oholak... talde bakoitza bere lanaz oso seguru egoten da, baina orokorrean, ontzia haurrek beraiek egin dutela jakinda, ziurgabetasuna ematen die uretara eramango dugula jakitean. Aurreneko alarekin ez zuten argi ontziak flotatuko al zuen. Behin alaren botadura egin, arraunean egin, eta lehorrera itzuli ginenean, halako satisfazio eta poztasuna zuten... oso polita da hori. Halako kontu txiki polit pila bat ditugu irekita goazen denbora honetan: esaterako, ontzia udan bolada batean errioan lotuta egon zen, eta badakit haurrak igerian ontzi barrura joaten zirela eta ontzia mantentzen zutela, euria egiten zuenean ura ontzitik aterata eta abar. Parte hartu duten haurrek berena sentitzen dute ontzi hori eta proiektu hori; oso polita da.

Esan duzu ez zenekitela haurrak ondo moldatuko ziren erremintekin, baina badirudi gustura aritzen direla eskulanean...

Aurreneko aldiz datozenean urduri egoten dira. Hirugarrenez etorri diren oriotarrak, berriz, zuzenean datoz erremintak hartzera; lanerako gogoz etortzen dira. Inoiz baino gizarte teknologikoagoan bizi garen honetan, eskulanak baztertuta dauden honetan, haurrek pila bat gozatzen dute hona etorri eta egurra bezalako material noble eta politekin jolastuz eta benetako eskuzko erremintak erabiltzen ikasiz.

Eider Arruti, ikasle batzuei azalpenak ematen ontziolan. (Albaola)

Ontzia eraikitzeaz gain, arlo teorikoa eta bestelako tailerrak ere egin dituzue ikasleekin.

Bai. Batzuk ontzigintzan aritu dira, eta beste batzuk, berriz, bestelako tailer batzuetan, ikusi genuelako haurrek gogoa eduki arren, erremintak erabiltzea ez dela adin guztietarako aukera bat. Ontzi honetan gehienbat haritza erabiltzen dugu egiturarentzat, gogortasuna ematen diolako, eta egur horrekin lana egitea zaila da horrexegatik, gogorra delako. LH5etik aurrerako ikasleekin alagintza egiten dugu, eta gazteagokoentzat alternatibak sortu ditugu. Esaterako, eskola batetik LH3-LH4koak etorri dira, eta haiekin ontzi bera egin dugu baina 1/30 eskalan, hau da, jostailutxoa egin dugu egurrezko pieza batekin. Beste ikasle talde batekin, berriz, estrapu tailerra egin dugu. Ikusi dugu hemengo ondarearen historia konta dezakegula beste era bateko eskulana eginda. Goiz-pasa egiten dute taldeek: bitan banatu ohi ditugu, eta erdiak tailerrean dauden bitartean, besteek informazioa jasotzen dute; gero, trukea egiten dugu.

Alderik nabaritu al duzue herrikoen eta herritik kanpoko ikasleen artean?

Banekien proiektu honek Orioko ikasleekin funtzionatuko zuela, azkenean, gutxi edo gehiago, denok ezagutzen ditugulako errioa, itsasoa, ontziak... Baina oso interesgarria izan da ikustea kostaldekoak ez diren ikasleek ere interes handia eduki dutela. Esaten ziguten zer polita eta zer plazera den beraiei hain urrun gelditzen zaien zerbait hain gertu bizitzea. Azken batean, ontzigintzak baditu hainbat elementu transbertsal egiten dutenak: ontzien eraikuntzaz hitz egiten dugu, baina baita basoaz eta zuhaitzez eta zuhaitz motez ere –hemen izan diren Baztango ikasleek baino gehiago ez du inork dominatuko gai hori, esaterako–; eta erremintak aipatzean, matematika ari gara lantzen. Ikasgelan lantzen diren hainbat elementu biltzen ditu horrek guztiak. Beraz, oso proiektu aberasgarria da, eta ikusten dugu oso ondo funtzionatzen duela adin eta jatorri desberdinetako taldeekin.

Hastear den ikasturterako prest duzue programa.

Bai. Ikasturtea amaitu aurretik gure hezkuntza eskaintza modu formalago batean zabaldu dugu eskoletara. Nahiko genuke Orioko bi eskoletako ikasleak itzultzea, guretzat bereziki interesgarria delako herrian bertan itsas ondarearen inguruko kontzientzia sortzea, baina Oriotik kanpoko ikastetxeak etortzen badira ere, guk oso pozik hartuko ditugu.

(Albaola)

Arlo teorikoan zer azaltzen duzue?

Diskurtso bat edukitzen dut prest, baina hori adinaren eta talde bakoitzaren arabera moldatu egiten dut. Batez ere, azaltzen diet Orion bazirela hamabi ontziola, Orian hogei, eta horietako bakarra gelditzen dela osorik, Mutiozabal, zaharberritu egin zutelako. XVIII. mende amaiera-XIX. mende hasierakoa da, eta ontziola hau kontserbatu da eraikin bat delako. Aurretik zeuden ontziolak ez ziren eraikinak izaten. Hemen eraikina egin zuten makinak erabiltzen hasi zirelako, eta makinak babestu behar zituztelako. Baina, berez, ontziolak ziren ibai ertzean zeuden eremu plano batzuk. Hara eramaten zuten material guztia, han ontzia eraikitzen zuten, eta gero, erriora botatzen zutenean, normalean, berriro espazioa ezer gertatu izan ez balitz bezala uzten zuten. Horregatik ez ditugu ezagutu ontziolak.

Mutiozabalek beste bide bat hartu zuen, hortaz.

Hori da. Mutiozabaldarrak Aginagan hasi ziren ontzigintzan, eta hona hirugarren belaunaldia etorri zen: ikasketak zituen pertsona bat zen hura, bidaiatu zuena industrializazioaurrea martxan zen beste toki batzuetara, eta bestelako kontzientzia eta jakintza zituena. Hona etorri zenerako, beraz, bazekien zer nahi zuen. Ez zuen Mutiozabal bakarrik eraiki; Arin & Enbil fabrika eraiki zuen, eta tartean dagoen etxebizitza. Eraikuntza guztien artean eskabetxeri txiki bat ere jarri zuen. Sekulako enpresa ikuspegia zeukan. Mutiozabalen batez ere arrantzontzi handiak egiten zituzten. Eraikin osoa hartzen zuen ontziak, eta lan egiten omen zuten makurtuta, modu behartuan, piezak leihoetatik sartuz eta abar.

Zergatik zeuden hainbeste ontziola Orio bezalako herri txiki batean?

Nire ustez, arrazoietako bat zen garai hartan itsasoa oso arriskutsua zela. Ez zeuden guk gaur ezagutzen ditugun bi barra horiek, eta beraz, zaila eta konplikatua zen arrantzatik bizitzea; beste ogibide batzuk behar zituzten. Behin bi barrak eraiki ondoren, indarra hartuz joan zen arrantza, eta herrian 30 arrantzontzi egotera iritsi ziren. Aldaketa handiak egon dira historiako hainbat puntutan, baina hala ere, Orian egon diren ontziolek historikoki garrantzia handia eduki dute garai desberdinetan; XV. mendean agertu zen aurrenekoa, Mapillekoa, uste dut, eta ordutik, hemen egin dira naoak, egin dira ozeanoak gurutzatu dituzten ontziak... Ontzi oso handi eta inportanteak egin dira, eta baita ontzi txikiak ere. Baina mutiozabaldarrek eman diguten altxorrik handiena ez da eraikina, planoak baizik.

Ontziak plano gabe egiten zituztelako garai hartan...

Hori da. Normalean ontzigileak kristoren jakintza eta gaitasuna zuten pertsonak izaten ziren, gauzak egiteko inongo instrukziorik behar ez zutenak, eta lehenengo aldiz plano hauek agertu zirenean, sekulako altxorra izan zen. Izan ere, imajinatzen zen nolakoak izango ziren bertako ontziak, irudi batzuk ere bazeuden, baina sekula ez zen planorik agertu. Sekulako ondarea da, badakigulako nolakoak ziren euskal ontzi tradizionalak eta nola egin behar diren. Eta, horri esker, ospatu genuen iazko urrian Mutiozabal Festa eta ekarri genituen Albaolak hemengo planoetan oinarrituta eraiki dituen ontzi guztiak. Bitxikeria gisa, festa horretan edadeko emakume bat etorri zitzaigun errieta egitera, sokak gaizki jarri genituela esanez, eta nola ipini azalduz. Oso polita da ikustea memoria hori oraindik bizirik mantentzen dela.

(Albaola)

Memoria hori oraindik bizirik dela esan duzu. Jakintza eta istorio horiek jasotzeak noren lana izan behar du?

Gure helburu printzipala hezkuntza proiektua aurrera eramatea da, baina modu paraleloan, nahi dugu Orioko itsas ondare materiala eta immateriala babestu. Iaz, esaterako, Xanti Manterola elkarrizketatu genuen Ahotsak fundazioarekin eta udalarekin elkarlanean, ahozko memoria hori gorde nahi dugulako. Manterolak badu batel bat, oso polita, ehun urte inguru dituena. Bere garaian Orion egiten ziren batel estropadetarako eraiki zuten, eta ontziari buruz gehiago jakin nahi izan dugu. Gainera, batela udalari eman dio Manterolak; oraindik ez dugu hartu, espazio aproposa falta zaigulako. Bestalde, Gizarte Antropologiako masterra egiten ari naiz, eta aurten, masterraren barruan, ikerketa bat egin behar nuenez, eta interesagatik eta nire proiektua hau delako, Orioko itsas ondarearen inguruan hasi nintzen ikertzen. Derrigorrez elkarrizketak egin behar nituen, eta erabaki nuen, elkarrizketak egin eta modu txoro batean galduta gelditu beharrean, udalarekin eta Ahotsak fundazioarekin harremanetan jarri eta haientzako jasota gelditzea. Hala, Orioko Azkue kontserberan ibilitako bi ahizpa elkarrizketatu ditut, eta sare jostuna izan zen beste emakume bat ere bai. Beraz, badugu galtzear eta desagertzear dauden ahots horiek edo ahozko memoria horiek kontserbatzeko asmoa, eta orokorrean, ondare immateriala zein materiala babestekoa. Esaterako, udalaren biltegietan zegoen Maxitxanela deritzon ontzi bat zaharberritzen ari gara, baita egurrezko sarjenta bat ere.

Oriotarra zara, Ortzaikakoa. Errioa txikitatik arnastuko zenuen...

Oso gertutik bizi izan ditut bai itsasoa, bai errioa, bai arrauna: oso presente eduki dut errioa eta errioarekiko bizitza hori, Ortzaikan angula arrantza egin delako betidanik. Umetan txalupa txiki bat genuen, eta igerian erakusteko, adibidez, aitak soka bat gerritik lotu zidan eta putzura bota ninduen [kar-kar]. Bestalde, urte mordoxka pasatu ditut arraunean. 13 urterekin hasiko nintzen, eta gorabeherak gorabehera, lesionatu arte ibili nintzen, 21 urtera arte edo. Dena den, proiektu honetan hasitakoan ohartu nintzen nola nire inguruko gertakizunek bazutela lotura gai honekin. Esaterako, aitak kontatzen zidan mutil koskorra zenean tokatu zitzaiola auzora gerturatu eta ala bat eraikitzen ikustea, ziurrenik garai hartan eraiki zen azkenekoa. Egurra egosi eta malgutu gabe egiten zituzten ontzi horiek, modu sinplean, lanerako erremintak zirelako, eta ontzia egiten ari zenak eskatu omen zion aitari laguntzeko egurrari eusten. Azkenean errieta handia egin omen zion, ez zelako berak nahi bezala atera. Istorio txiki horiek erakusten dute gure aurreko belaunaldiek zer gertu eduki duten errioa eta ontzigintza; gure belaunaldikook zerbait jaso dugu, entzunez, baina jada galtzen doan zerbait da; eta gaur egun, erabat moztuta dago jarraipen hori. Horregatik iruditzen zaizkigu garrantzitsuak gurea bezalako proiektuak. Zeinen garrantzitsua den hauspotzea oraindik desagertu gabe dagoen itsas memoria txiki hori.

Masterra egiten ari zarela esan duzu, eta ikerketa proiektu honi lotuta dago, ezta?

Hasierako asmoa zen Oria errioari berari eman zaion erabilera desberdinen inguruan ikerketa egitea, iruditzen zitzaidalako itsas ondareaz hitz egiten denean, beti hitz egiten dela arrantzaz eta itsasoaz, baina ibaiari erabilera asko ematen zaizkio, eta gehienak ezkutuan gelditu dira. Alak beraiek oso-oso erabiliak ziren errioan gora eta behera gauzak garraiatzeko, eta angula arrantza bera hor dago; badirudi ez dela existitzen, baina hori ere arrantza da, eta horrekin lotuta ere gauza asko daude. Hori nahi nuen ikertu, eta horretan zentratu nahi nuen. Baina ikertzen hasi naizen heinean, nire sentsibilitateagatik ere bai, emakumeengana gerturatu naiz, eta itsas ondarearen irakurketa feminista bat egin edo emakumeak itsas ondarean izan duen garrantzian zentratu nahi dut. Gero, elementu berria agertu zait: emakumeen arrantza.

Eta horruntz jo duzu.

Arrantzaren bueltan ezkutuko alor ugari daude, non ikusten dugun emakumeak parte hartze izugarria izan zuela. Parte hartu dutenek ez diote horri garrantzirik ematen, seguruenik kontzientzia faltagatik eta perspektiba faltagatik, eta ezta guk ere, ez garelako informazio horretara iritsi. Horregatik enfokatuko dut horretan nire ikerlana. Horrez gain, jakin dut harraldeko arrantzan ere emakumeak zeudela. Orion txirlak hartzen zituzten, esaterako, eta ba omen zen oso-oso ona zen emakume bat. Eta anguletan ibiltzen ziren baserritar horien artean ere baziren emakumeak. Baditut itsasoan arrantzan ibili diren emakumeen kontaktuak, eta horretan sakontzen jarraitu nahi dut. Ikusiko dugu zertan amaitzen den guztia.

Orioko hezkuntza komunitateak lan handia egina du Orioko curriculuma osatzeko ikastetxeentzat. Zuen proiektua hor txertatuko den badakizu?

Badakit ikastetxeentzat oso aproposa izan dela proiektu hau, azkenean, ezkutuan zegoelako informazio asko eta historiaren zati handi bat ezagutzera eman diegulako. Argi eta garbi, herriko curriculuma lantzeko moduetako bat Mutiozabal bisitatzea da. Era berean, ordea, uste dut oraindik informazio pila bat dagoela ezkutuan, eta gauza asko daudela ikertzeko.

Hainbat eragilerekin elkarlanean aritu zarete hasieratik; horrek zer garrantzi du zuentzat?

Handia. Udalarekin, esaterako, modu naturalean gertatu da, baina lehenengo aldiz hasi gara Orio Arraunketa Elkartearekin elkarlanean, eta horri esker, parte hartu dugu bai Garagardo Azokan, bai Nazioarteko Estropaden agendan. Guretzat benetan interesgarria da herriko beste erakundeekin elkarlanean aritzea. Horrez gain, garrantzi handiko beste foro batzuetan ere egon gara, eta horietan azpimarragarriena Pasai Itsas Festibalean eduki dugun presentzia izan da. Jaialdiaren atarian, esaterako, hitzaldi sorta bat egon zen, eta soilik hiru tokitan izan ziren horiek: Albaolan, Euskal Itsas Museoan eta Mutiozabalen. Horrek beste bi handien parean jartzen gaitu, eta ematen digu foro bat orain arte eduki ez duguna. Horrez gain, Orion itsas ondarearekiko egin den lanari eta babesari esker, Pasai Itsas Festibaleko antolatzaileek erabaki zuten hemen ematea hasiera festibalari, eta jaialdiaren barruan ere postua jarri genuen. Ez da tontakeria, handik 135.000 bisitari igarotzen direlako. Guretzat leku oso aproposa izan da gure proiektua ezagutarazteko.

(Albaola)

Mutiozabal Txo batez ere hezkuntza proiektua dela azpimarratu duzu. Baina hezkuntza ez da ume eta gaztetxoen kontua bakarrik. Planteatu duzue gaia beste adin tarte batzuetako herritarrekin ere lantzea?

Badaukagu horretarako gogoa, baina hain da berezia proiektu hau, eta hain da berritzailea, proiektu honek forma hartu eta egonkortasun bat eskuratu arte ez genuela putzu horretan sartu nahi. Nik uste esan dezakegula proiektu hau jada egonkortu dela, proiektu honek funtzionatzen duela eta proiektu honek bere ibilbidea hasi duela. Beraz, uste dut orain dela momentua planteatzeko zer nahi dugun egin eta zer gehiago eskaini diezaiokegun jendeari. Uste dut kristoren potentziala duen tokia dela. Espazioa ere oso berezia da; xarma eta giro berezia sortzen du eta jendeak txip aldaketa egiten du sartu orduko. Beraz, aukerak asko dira, baina zein izango den estrategikoki aproposena eta zeri ahalko diogun heldu, hori oraindik ikusteko dago.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide