Elkarretaratzera deitu du urriaren 21erako Gernika-Palestina plataformak

Andoni Elduaien 2024ko urr. 8a, 09:25

Plataformak Gernikan (Bizkaia) egindako elkarretaratzea. (Gernika-Palestina)

Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak deitu ditu plataformak urriaren 21erako, astelehena. 19:00etarako jarri dute ordua Euskal Herriko herri guztietako udaletxeen aurrean, baina Urola Kostako herrietako hitzorduak ez dituzte zehaztu oraindik.

Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzera deitu du Gernika-Palestina plataformak urriaren 21erako. Atzo, Israelek Palestinaren aurkako erasoa hasi zuenetik urtebetera, agerraldia egin zuen plataformak Donostian, eta han protestarako deia zabaldu zuten. Hain zuzen, egun horretan Euskal Herriko herri guztietako udaletxeen aurrean kontzentrazioak egiteko eskatu zuen Gernika-Palestina plataformak. 19:00etarako deitu dituzte kontzentrazioak, baina, gaur-gaurkoz Urola Kostako herrietako hitzorduak zehaztu gabe daude.

Palestinarrek "berehalako su etena" behar dutela eskatu zuen Gernika-Palestina herri ekimenak Donostian egindako agerraldian, "armak isil daitezen eta Israelek egindako okupazio koloniala buka dadin". Halaber, Mendebaldeko estatuei galdegin zieten Israelgo estatuarekin arma eta baliabide militarren salerosketa etetea. "Funtsezko abiapuntutzat jotzen ditugu Palestinan inongo estatu edota potentziaren esku-hartzerik eza, eta bere autodeterminazio eskubidearen errespetua. Palestinako biztanleek baliabide materialak eta politikoak behar dituzte beraien lurraldean gelditzeko eta duintasunez bizi ahal izateko", adierazi zuten.

Plataformaren arabera, "elkarrizketaren eta negoziazioaren" bidea hartuta soilik konponduko da Palestinak egun bizi duen egoera; "bake justua, egonkorra eta iraunkorra" dituzte helburu nagusitzat. Horretarako, nazioarteko komunitatearen parte hartzea "funtsezko gakoa" izango dela dio Gernika-Palestina plataformak. "Hori da aldeak negoziatzera bultzatu, eta nazioarteko zuzenbidean eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzeko modu bakarra da", azaldu dute.

Urriaren 21erako egindako deiak alderdi politikoen, sindikatuen eta eragile sozialen babesa jaso du; izan ere, atzo Donostian egindako agerraldian parte hartu zuten EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ahal Dugu, Sumar zein Ezker Anitza alderdi politikoetako ordezkariek, eta ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, CGT, Solidari, EHNE, Etxalde nahiz Hiru sindikatuetako kideek. Nekane Balluerka EHUko errektore ohiak, Ernaik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eta Euskal Herriko Bilgune Feministak ere bat egin dute deialdiarekin. Elkarretaratzeak egiteko zabaldu duten deiaz gain, goizean, sindikatuen eta hezkuntza komunitatearen manifestazioak izango direla aurreratu du plataformak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide