Kilometroak 2024

Dena prest dute urriaren 6an Azpeitian Kilometroak jaia ospatzeko

Nerea Uranga 2024ko ira. 26a, 15:31

Urriaren 6an Azpeitian ospatuko den Kilometroaken aurkezpena gaur, Ikasberrin. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak antolatuko du jaia, Izpiz izpi lelo hartuta. Mila boluntario inguruk jardungo dute antolaketa lanetan. Euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna nahiz herrigintza ardatz hartuta prestatu dute "denentzako" moduko egitaraua lau gunetan banatuta. Kilometroen jaiak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko ditu.

Festa eguna gertu da, eta antolaketaren azken txanpan sartuta daude Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibakoak. Gipuzkoako ikastolen jaiaren 48. edizioa ospatuko dute urriaren 6an Azpeitian, Izpi izpi lelo eta eguzkilorea irudi hartuta; laugarren aldiz egingo da Kilometroak Azpeitian.

Urte osoan zehar, Kultur Izpiak egitasmoaren barruan, askotariko ekitaldiak egin dituzte Kilometroaken antolatzaileek hainbat eragilerekin elkarlanean, hiru ardatz oinarri hartuta: euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna nahiz herrigintza.

Urriaren 6an egingo duten Kilometroak jai egunerako prestatu duten egitaraua ere, ardatz horiek kontuan hartuta osatu dutela azaldu dute jai egunaren aurkezpenean Alaitz Epelde Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibako artezkaritzako kideak, Gorka Artola Kilometroak 2024ren koordinatzaileak eta Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak.

Kilometroak jaiaren barruan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituztela iragarri du Artolak. "Jaia berezia izango da guretzat, pailazo horiek bete-betean bat egiten dutelako aurten landu ditugun hiru ardatzekin. Ia lau hamarkadaz, sudur gorriak euskaraz herriz herri ibili dira haur eta gurasoak alaitzen. Euskara ardatz, gizartean pil-pilean edota isilagoan dauden gaiak jorratu dituzte, eta aisialdi hezitzaileari lotutako proiektua eratu dute beren balioak eta oinarriak garatzeko".

Jaia denenentzat

Boluntario sare handiak parte hartuko du urriaren 6ko jaiaren antolaketan, Epelderen arabera: "Denera, mila pertsona ariko dira lanean, eta oso pozik gaude gure komunitateak emandako erantzunarekin. Dena zaindu dugu, egun borobila atera dadin".

Kilometroak jaiak lau gune izango ditu: Loiola, Ikasberri ikastola, Esklabak eta herriko plaza, eta guztietan antolatu dituzte ekintzak goizetik eta arratsaldera artean. "Gazteentzako erronka probak izango dira ibilbide osoan zehar, txikienentzako Izpiz izpi jolasak Antxieta arkeologia taldekoekin, puzgarriak, tailerrak, kale antzerkia, magia, karaokea, yoga, kapoeira, kontzertuak, kalejirak...", aurreratu du Artolak. Haurrentzako Izpiz izpi jolasetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da Kilometroak.eus webgunean.

Jatekoa eta edatekoa ere ez da faltako Kilometroen jaian: askotariko jakien postuak egongo dira, eta bazkalordurako 600 pertsonentzako jangela prestatuko dute ikastolan; aurrez izena emateko aukera jarri dute Kilometroak.eus webgunean.

Denentzako eta denek gozatzeko Kilometroak egin nahi dituzte. Hori kontuan hartuta, aniztasun funtzionala dutenentzako "bereziki" prestatu dituzte ekintzak, Atzegirekin eta Marea Urdinarekin elkarlanean. Hala ekintzetan parte hartzeko pase azkarrak aterako dituzte, eta txartelak erosteko guneetan egongo dira esku. Horrez gain, Ikasberri ikastolan eta plazan gune lasaiak egokituko dituzte, beharra duten familiek erabili ahal izateko.

Kilometrotako hezkidetza lantaldeak Emakume Txokoarekin eta udaleko Parekidetasun teknikariarekin eraso matxistei aurre egiteko protokoloa osatu du, eta argi eta garbi adierazi dute, «Kilometroak tratu onen aldeko eta eraso matxistarik gabeko jaia» izatea nahi dutela: "Horregatik, Kilometroetan ez da onartuko inolako eraso matxistarik, LGTBIfobikorik edota arrazistarik. Denona da festa eta denona da ardura".

Denak Kilometroen jaira gonbidatu dituzte, "euskaraz ondo pasatzeko eta gozatzeko".

Kilometroen eguneko egitaraua:

1. gunea-herriko plaza: herria.

- 10:00-13:00. Erronka.
- 11:00-11:30. Bertsolariak.
- 11:30-13:00. Herri kirolak.
- 13:00-14:00. Muxikoak dantza plaza.
- 13:30-14:30. Erronka.
- 14:30-15:30. Erromeria: Imuntzo eta Beloki.
- 16:00-17:30. Kontzertua: La Basu

  • Aniztasun funtzionala dutenentzat gune lasaia.

2. gunea-Esklabak: euskara.

- 11:00-12:00. Izpiz izpi jolasean: karaokea.
- 12:30-13:30. Iagomago eta Julen magoa.
- 13:30-14:30. Skate erakustaldia.
- 14:30-15:30. Kontzertua: Deñe.
- 15:30-17:00. Go!azen.

  • Beste ekintzak egunean zehar: Euskaltel bizikleta zirkuitua eta puzgarriak: Laboral Kutxa, Reala txokoa.

3. gunea-ikastola: euskara.

- 10:00-11:00. Irekiera ekitaldia.
- 11:00-11:30. Kontzertua: Skapaie.
- 12:00-13:00 Antzerkia: Troia kale antzerkia.
- 13:00-14:00 Kontzertua: Leherkaitz.
- 14:30-15:30 Kontzertua: Ukabil.
- 16:30-17:30 Kontzertua: Tapia eta Leturia.
- 18:00-19:00 Kontzertua: Janus Lester.

  • Beste ekintzak egunean zehar: Izpiz izpi jolasean: Bihotz Urdina eta Antxieta arkeologia taldea. Eitb: Makusi, Eroski elikadura tailerra.
  • Aniztasun funtzionala dutenentzat gune lasaia.

4. gunea-Loiola: aniztasuna.

- Goizean zehar: yoga, gimnastika erritmikoa eta judo erakustaldiak.
- 11:00-13:00. Erronka.
- 12:30-13:30. Kontzertua: Ro.
- 14:00-14:45. Kontzertua: Eraldatzen.
- 15:00-16:00. Kontzertua: Trini Fox.
- 16:30-17:30. Kontzertua: Urtz.

  • Beste ekintzak egunean zehar: artisau azoka, Izpiz izpi jolasean, zirku tailerra, emozioen babeslekua eskulan tailerra eta kapoeira.

Egunean zehar, kaleko animazioa: Sahatsadantza taldea, Euskal Herriko Joaldunak, Itsasi euskal kultur elkartea, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak, Batukada eta UK03 txaranga. 

Oharra: Izpiz izpi jolasean: Bihotz Urdina eta Antxieta arkeologia taldaeren ekintzarako aurrez izena eman behar da kilometroak.eus webgunean. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide