Aia

Izeta VI.ak marka ezarri du VII. Euskal Pentatloiaren kanporaketan

Ihintza Elustondo 2024ko ira. 7a, 21:02

Izeta VI.ak iaz berak jarritako marka hobetu du: 11 minutu eta zazpi segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, eta, beraz, 41 segundoan hobetu du bere marka. Honako sei kirolari hauek igaro da irailaren 21eko final handira: Izeta VI.a, Gisasola, Olaizola, Irazabal, Zaldua eta Telleria.

VII. Euskal Pentatloiaren kanporaketa jokatu dute arratsaldean Azpeitiko zezen plazan. Guztira, hamabi kirolari lehiatu dira: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a (Aia), Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa), Xabat Olaizola (Zarautz), Ioritz Gisasola (Mallabia, Bizkaia), Aritz Irazabal (Ugao, Bizkaia), Julen Kañamares (Aroztegi, Nafarroa), Beñat Amade (Algorta, Bizkaia), Ander Altuna (Astigarraga, Gipuzkoa), Beñat Telleria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), Daniel España (Valsain, Espainia), Jon Bengoetxea (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Iker Goldarazena (Berriozar, Nafarroa). Horien artean, Izeta VI.a zen faborito nagusia, iazko pentatloian 40 urtez mantendutako Arria II.aren marka haustea lortu baitzuen, 11 minutu eta 48 segundoko denbora ezarrita –hemeretzi segundoan hobetu zuen azpeitiarrak 1983an ezarritako denbora–. Gaur, Izeta VI.ak iaz berak jarritako marka hobetu du: 11 minutu eta zazpi segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, eta, beraz, 41 segundoan hobetu du bere marka.

Parte hartzaileetako bakoitzak 100 kiloko bola hamar aldiz altxa du aurrena; jarraian, 400 kiloko harriarekin plaza bat osatu dute; aizkoran, kanaerdiko bat eta 45 ontzako beste bat ebaki dituzte; 50 kiloko txingekin hiru plaza osatu dituzte; eta azkenik, kilometro bat egin dute korrika. Lan horiek azkarren amaitu dituzten sei kirolari igaro dira irailaren 21ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko duten finalera (22:00).

Hiru laguneko lau txandatan jokatu dute kanporaketa, eta saio guztiak amaitzean, honela gelditu da sailkapena:

1. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a: 11:07

2. Ioritz Gisasola: 11:59

3. Xabat Olaizola: 12:42

4. Aritz Irazabal: 12:55

5. Xabier Zaldua: 13:19

6. Beñat Telleria: 13:35

7. Beñat Amade: 14:19

8. Julen Kañamares: 14:36

9. Ander Altuna: 15:18

10. Jon Bengoetxea: 18:19

11. Iker Goldarazena: 18:39

12. Daniel España: 22:54

Beraz, honako sei kirolari hauek igaro da irailaren 21eko final handira: Izeta VI.a, Gisasola, Olaizola, Irazabal, Zaldua eta Telleria.

Gisasola ere, fin

Gisasola ere oso fin aritu da gaurko saioan. Izan ere, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a azpeitiarrak 1983ko pentatloiaren kanporaketan ezarritako marka hobetu du; 12:07 denbora ezarri zuen hark orduan, eta Gisasolak zortzi segundoan hobetu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide