Maddi Etxeberria:
"Euskarabentura egingo dut uda honetan. Normalean proiektu bat entregatu behar izaten da, baina aurten, lehenengo aldiz, lehiaketa bidez egin dute hautaketa. Bideo bat egin behar izan dugu, eta Gaztea irratiko plataforman egon da ikusgai. Boto gehien lortu dituen bideoetako bat izan da nirea. Horregatik, aukera izango dut aurtengo Euskarabentura edizioan parte hartzeko. Atharratzetik [Zuberoa] abiatuko gara, Gasteiz aldera hartuko dugu ondoren, eta gero kosta zeharkatuko dugu.
Abentura horrez gain, Taylor Swift artistaren kontzertua ikustera joango naiz udan. Dublinen emango du kantaldia. Gurasoekin noa oporretara, eta bidaia aprobetxatuko dugu abeslari eta konpositorearen zuzeneko bat ikusteko".
Ander Bereziartua:
"Oporretara joatea izango da uda honetan huts egingo ez dudan plana. Behingoz, Ozeano Atlantikoa pasatuko dugu; Perura noa lagunekin, mendira. Kuadrillako hiru eta beste lagun bat elkartu gara. Hiru aste igaroko ditugu han. Gogoz nago, egia esan. Ingurua ezagutzeko asmoz goaz hara, baina, batez ere, mendiak igotzera. Andeak bisitatuko ditugu. Lehenengo aldiz 5.000 metrotik gorako mendiak igotzea da gure asmoa. Horretarako, prestaketa lanetan ari gara.
Pirinioetan ibiltzen gara, eta ikusiko dugu nahikoa den, eta nola moldatzen garen. Gainerakoan, Zarauzko Azken Portuko jaiak ez ditut galduko. Lana Orion egiten dut, baina Aginagakoa naiz, eta Zarautzen ibiltzen naiz lagunekin, eta gustuko ditut Azken Portuko festak".
Josune Ostolaza:
"Arrantzale Eguna da uda honetan galduko ez dudan hitzordua. Nik uste dut indarra ari dela hartzen herrian. Bertan parte hartzen dugun bizilagunentzat garrantzi handia du egun horrek. Dantza egiten dut nik. Dagoeneko ari gara entseguak egiten; maiatzaren 15ean hasi ginen, eta asteazkenero elkartzen gara. Jende askok eman du izena aurtengoan; 50 bikote inguruk parte hartuko dugu. Haurrak ere asko izango dira oraingoan. Egun horretarako eskatuko nuke jendeak parte hartzea, eta halaber, animatzea, bai janzkerarekin, bai herria apaintzerako orduan.
Horrez gain, oporretara joatea ere gustatuko litzaidake, baina momentuz ez dugu ezer itxi. Izan ere, agenda ezberdinak ditugu etxean. Ez dakit nola moldatuko garen".