Eusko Ikaskuntzak eta Tokikomek "egoera soziokulturalari eragiten dioten gaiak gizarteratzeko" hitzarmena sinatu dute

Erredakzioa 2024ko uzt. 9a, 09:57

Ana Urkiza eta Alaitz Artolazabal hitzarmena sinatzen. (Tokikom)

Eusko Ikaskuntzak eta Tokikomek elkarrizketa sustatu eta sinergiak sortu nahi dituzte, edukien ezagutza sustatzeko eta zorroztasuna lortzeko. Hitzarmenaren eta elkarlanerako gogoaren lehen ondorio gisa, Eusko Ikaskuntzak urriaren 2an, 3an eta 4an Gasteizen egingo duen Elkartzen Gaituena XIX. Kongresuko babesle izango da Tokikom. 

Eusko Ikaskuntza erakundearen lehendakariak, Ana Urkizak, eta Tokikomeko zuzendari nagusiak, Alaitz Artolazabalek, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur Bilbon, haien arteko harremanak sendotu eta elkarlan ildoetan sakontzeko asmoz. Hitzarmenaren bidez, Eusko Ikaskuntzak eta Tokikomek elkarrizketa sustatu eta sinergiak sortu nahi dituzte, edukien ezagutza sustatzeko eta zorroztasuna lortzeko.

Horretarako, bi erakundeek ezagutza trukatzeko konpromisoa adierazi dute, eta elkarren lan batzordeetan parte hartzekoa ekarpen adierazgarriak egin ditzaketen kasuetan. Hitzarmenean jaso dutenez, lanen jarraipena egiteko batzorde bat ere eratuko dute bi erakundeek, elkarrekin egin beharreko lanak adosteko nahiz egindakoen balorazioa egiteko.

Eusko Ikaskuntzaren lehendakari Ana Urkizaren hitzetan, "hitzarmenak Euskal Herriko txoko anitzeko errealitateetara hurbiltzen gaitu, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta batera erronkei erantzuna emateko bidea zabalduko duelarik". Azpimarratu nahi izan du, halaber, "Tokikomen tokiko gertutasun hori ezinbestekoa" dela, "gizartearengana heldu eta beraiekin elkarlanean eragiteko, guztion ongizatearen mesedetan".

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendaria. (Tokikom)

Tokikometik, berriz, Alaitz Artolazabal zuzendariak adierazi du hitzarmenak "aukera" emango die toki komunikabideei. "Eusko Ikaskuntzak hizkuntza, kultura eta ezagutzaren bueltan egiten duen lanketa gizarteratzeko, eta aukera paregabea egiten dituzten bestelako proiektu pausatuagoetan sarbidea izan eta toki komunikabideetan sakon aztertu eta zabaldu ahal izateko aukera emango du”, azpimarratu du Artolazabalek.

Hitzarmenaren eta elkarlanerako gogoaren lehen ondorio gisa, Eusko Ikaskuntzak urriaren 2an, 3an eta 4an Gasteizen egingo duen Elkartzen Gaituena XIX. Kongresuko babesle izango da Tokikom.

Eusko Ikaskuntza erakundea 1918an sortu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zein Nafarroako Foru Aldundien ekimenez, Euskal Herriko gizartearen beharrei erantzun orokorrak eta integratzaileak emateko. Tokikom, berriz, 2012an sortu zen, Euskaltzaleen Topagunean bildutako toki komunikabideen ekimenez. 78 toki komunikabide batzen ditu Tokikomek gaur egun, sektorearen behar bereziei modu eraginkorrean erantzuteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide