Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasteko izen emate epea zabaldu du UKUEk Zumaiako Soldadura zentroan

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 9a, 17:00

Maiatzaren 24ra arte eman daiteke izena 2024-2025 ikasturterako Zumaiako Estazioko industriagunean dagoen zentroan.

2024-2025 ikasturterako aurrematrikula epea zabaldu du Urola Kostako Udal Elkarteak Zumaiako Estazioko industriagunean duen Soldadura zentroan. Soldadurako oinarrizko ezagupenak jasoko dituzte bertan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditu ez duten 15, 16 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago deialdi hau. Hala ere, zentroak iragarri du leku librerik egongo balitz, 17 urtetik gorakoek ere izango luketela izena ematea. Ikasketek bi urteko iraupena izango dute –Bigarren ikasturtean praktikak egiten dira eskualdeko lantegietan–, eta bi helburu jakin dituzte: batetik, ikasketa praktikoaren bidez, soldadura, fabrikazio eta muntaketaren oinarrizko ezagutzen jabe izatea eta, bestetik, ikasketei jarraipena ematea erdi mailako ziklo bat eginez. Jarduera irailetik ekainera bitartean emango da, goizeko ordutegian.

Izena dagoeneko eman daiteke Soldadura zentroan bertan. Aurrematrikula egiteko azken eguna maiatzaren 24a izango da. Informazio gehiagorako 943-86 25 76 telefono zenbakira deitu daiteke, edo soldadurazentroa@urolakosta.eus posta elektronikoko helbidera idatzi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide