Gipuzkoako Mendizale Federazioak eskualdeko mendizale taldeekin batera antolatzen ditu urtero Eskolarteko Ibilaldi Neurtuak, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Gainera, urteurren borobila ospatuko dute aurtengoan, 35. edizioa, hain zuzen ere. Jardunaldi horiek igande honetan izango dira Gipuzkoako hainbat txokotan, tartean Zarautzen, Pagoeta mendizale elkartearen laguntzaz. Beste eskualdeei dagokienez, Arrasateko, Oiartzungo, Villabonako eta Zegamako lurretan egingo dituzte ibilaldi neurtuak igandean.
Gazteen artean mendizaletasuna sustatzea eta inguruko txokoak ezagutaraztea du helburu egitasmoak, eta 1988. urtean egin zituzten lehendabizikoz. 1994az geroztik, txandaka antolatzen dituzte elkarteek ibilaldiak eskualdeetan banatuta. Federazioak mendi taldeekin batera ibilaldiak zehaztuta, azken horiek sustapen lana egiten dute eskualdeko ikastetxeekin, eta nahi duten ume guztiek ematen dute izena ibilaldietan, betiere Eskola Kiroleko adinean sartzen badira. Dena den, adin horretatik kanpo daudenek ere parte hartu dezakete, egunean bertan hasiera puntura lehenago azaldu eta bertan izena emanda.Talde bakoitzak hiru kide izan beharko ditu gutxienez eta bost gehienez.
Beti bezala, aurten ere, gazteek bi ibilaldi izango dituzte aukeratzeko. Luzeena bederatzi kilometro pasatxokoa izango da, eta Garate Gaineraino igoko dira. Motza, aldiz, sei kilometrokoa izango da, eta Zingira pareraino egingo dute buelta. Luzea ala motza, bi ibilaldiak Istein inguruan gurutzatuko dira, eta Torreoitik eta Iruerreketatik pasatuta, Zarauzko Gaztelekuan amaituko dituzte ibilaldiak. Era berean, hasiera puntua ere Gaztelekua izango da.
Gainera, ibilaldian zehar ez dira bakarrik egongo ez gaztetxoak, ez beraiek lagunduko dituzten helduak. Izan ere, kontrol puntuak ezarriko dituzte ibilaldian zehar, konkretuki Zingira inguruan eta Iruerreketa parean.