Euskara eta estimulazio psikoemozionalari buruzko ikastaroak eskainiko ditu UKUEk

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 31a, 08:00

Izen ematea zabalik dago jada bi ikastaroetarako.

Otsailean eta martxoan emango dira Zarautzen, Oteitza lizeo politeknikoan, eta Zaintza Urola Kosta programaren barruan sartzen dira.

Zaintza arloan lan egiten duten edo lan egin nahi duten herritarrei zuzendutako euskara eta estimulazio psikoemozionalari buruzko doako ikastaroak eskaini zituen Urola Kostako Udal Elkarteak UKUE iazko azaroan. Zaindu Urola Kosta programaren barruan antolatutako ikastaro hauek erantzun ona izan zuten, eta otsailean eta martxoan errepikatuko ditu, "sektorea profesionalizatzeaz haratago, zaintza arloan lan egin nahi dutenen ezagutzak areagotzeko". Kasu honetan, izen ematerako orduan lehentasuna izango dute langabeek. Bietan edo bakarrean izena eman ahal izango dute.

Euskara ikastaroa otsailaren 19tik martxoaren 1era bitartean emango da. Ikastaroak 30 orduko iraupena izango du, eta 15:00etatik 18:00etara bitartean emango da, eta zaintza arloan aritzeko euskarazko hiztegia (oinarrizko maila) irakatsiko da.

Estimulazio psikoemozionalari buruzko ikastaroa, berriz, martxoaren 4tik 7ra bitartean emango da, 15:00etatik 17:30erako ordutegian. Pertsonen bizi-historia, gustuak, beharrak eta lehentasunak ezagutzeko estrategiak aztertuko dira, baita eguneroko bizitzan zentzua duten jarduerak nola sustatu ere; eta eguneroko errutinen balio terapeutikoa ere landuko dutela azaldu dute antolatzaileek.

Bi ikastaroak Zarauzko Oteitza lizeo politeknikoan emango dira.

Izen ematea doakoa da, eta zabalik dago jada. Horretarako, interesdunek Urola Kostako Udal Elkartera deitu beharko dute (943-89 08 08), lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi. Udal Elkarteko lan poltsan izena emanda badaude, www.enplegua-urolakosta.org webgunearen bitartez eman ahal izango dute izena. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide