Zaintza arloan lan egiteko formazioa antolatu du UKUEk online

Andrea Zipitria 2024ko urt. 14a, 09:00

Zaintza alorrean lan egin nahi duten eskualdeko herritarrei zuzendutako prestakuntza da udal elkarteak antolatu duena. Online izango da ikastaroa, eta hasiera emango zaio urtarrilaren 31n.

Zabalik da UKUE Urola Kostako Udal Elkartearen Zaindu Urola Kosta prestakuntza ekimeneko izen ematea. Eskualdean zaintza arloan lan egiten duten edo egin nahi duten zaintzaileek gaitasun tekniko zein zeharkakoak jaso eta barnera ditzaten nahi dute ekimen honekin.

Prestakuntza 2022ko abenduan jarri zen martxan, eta dagoeneko 61 izan ditu. Orain, beste edizio berri bat jarriko du martxan UKUEk. Prestakuntza, online izango da. Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte-eta osasun arreta (2. Maila) profesionaltasun ziurtagiria lortzeko aukera izango dute izena ematen duten herritarrek.

Ikastaroa urtarrilaren 31n abiatuko da eta urrira arte luzatuko da. Guztira, 370 orduko prestakuntza teoriko-praktikoa izango da, eta 80 orduko praktika prozesua eskaintzen du. Praktikaldiak, gainera, eskualdeko erakunde edota egoitzetan egiten dituzte ikasleek.

Prestakuntza online izanik, ez du ordutegi finkorik izango, hau da, ikasle bakoitzak bere erritmora egin ahal izango du ikastaroa. Hala eta guztiz ere, azterketak eta hainbat saio aurrez-aurrekoak izango dira, Oteitza Lizeo Politeknikoan (Zarautz).

Izen ematea zabalik dago jada eta interesdunek Oteitza Lizeo Politeknikoko idazkaritzara deitu behar dute: 943 11 10 00 telefono zenbakira.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide