Santu Guztien Eguna

Mari Carmen Uranga: "Inork ez daki bizitzak nora eramango gaituen; urtebetera egoera aldatu egin bazaizu, testamentua alda dezakezu eta ez da ezer gertatzen"

Erredakzioa 2023ko urr. 31a, 09:00

Abokatu zibila da Mari Carmen Uranga (Zumaia, 1967). Familia kontuetan eta testamentuetan aditua da, eta testamentua idatzita uzteak duen garrantziaz hitz egin du. Izan ere, Urangaren ustez, norbere nahiak idatzita uzteak ondasunak utzi nahi zaizkien pertsonen izapideak errazten ditu.

Testamentuaz hitz egingo dugu, baina zenbat testamentu mota daude?

Bi eratako testamentuak daude: batetik, Aurretiazko Borondateen Dokumentua, bizi testamentua bezala ezagutzen dena, non zure azken egunak nolakoak nahi dituzun zehazten duzun; eta bestetik, dituzun ondasunak uzteko egiten den ohiko testamentua. Dena dela, testamentuaz hitz egiterakoan, normalean, ondasun inguruko dokumentuaz hitz egiten dugu.

Noiz eta nola egin daiteke ohiko testamentua?

Legeak dioenez, 14 urte betetzen dituzun egunetik aurrera egin daiteke testamentua. Bakoitzak erabakitzen du noiz egin, baina komenigarria da egitea. Horretarako, notaritzara jo behar da, eta han, notarioaren aurrean, zure ondasunak utziko dizkiezun pertsonak izendatu behar dituzu, zure ondasunen oinordekoak nortzuk izango diren, alegia.

Testamentu bakarra egin al daiteke?

Nahi adina alditan egin edo aldatu daiteke testamentua. Testamentua egiten duzun lehen aldian gauza bat pentsatu dezakezu, baina hilabeteen edo urteen buruan, aldatu egin daiteke pentsatzen zenuen hori, eta ondorioz, testamentua ere alda dezakezu. Nahi duzunean egin dezakezu dokumentua, eta ez dago testamentua egiteko une egoki bat; baina, argi utzi nahi dut: komeni da testamentua eginda izatea.

"Bi eratako testamentuak daude: batetik, Aurretiazko Borondateen Dokumentua, bizi testamentua bezala ezagutzen dena, non zure azken egunak nolakoak nahi dituzun zehazten duzun; eta bestetik, dituzun ondasunak uzteko egiten den ohiko testamentua"

Zergatik komeni da? Zer abantaila ditu testamentua eginda uzteak?

Abantaila nagusia da norberak esaten duela edo erabakita uzten duela bere ondasunak nola eta nori eman, eta horrek errazago bihurtzen du ondasun horiek banatzea.

Eta zer ondorio izan ditzake testamentua egin gabe izateak?

Kasu horretan, izendatu egin behar dira oinordekoak, eta legeak erabakiko ditu zeintzuk diren; derrigorrezko oinordekoak esaten zaie horiei. Legeak zer dio kasu horietan? Bada, seme-alabak direla lehen oinordekoak, egonez gero behintzat, eta horien artean banatuko direla ondasunak. Zenbat seme-alaba dauden, horrenbeste zatitan banatuko lirateko ondasunak. Testamenturik ezean, jaraunsleak deklaratzeko akta egin beharko da. Horrek guztiak ondasunak jasotzeko tramitea luzatu egiten du, eta izapideak egiteko lan gehiago izaten da, eta norbait hiltzen denean, gertukoa denean are gehiago gainera, horrentzako denborarik eta gogorik ez da izaten.

Zer hartu behar da kontuan testamentua egiterakoan?

Hiltzera joango bazina bezala egin behar da dokumentua. Ezin zara pentsatzen hasi seme hau gero ezkondu egingo zait edo alaba honek ondasun gehiago ditu. Momentuan momentukoa. Horretarako daude pentsatuta testamentuak. Inork ez daki bizitzak nora eramango gaituen; urtebetera egoera aldatu egin bazaizu, testamentua alda dezakezu eta ez da ezer gertatzen. Gainera, testamentua egitea edo aldatzea ez da oso garestia izaten.

Testamentua dirudunek edota ondasun ugari dituztenek egin beharreko zerbait izango balitz bezala hartzen dute herritarrek. Baina ohiko herritarrek zer utzi dezakete testamentuan?

Diru edo ondasun asko edo gutxi eduki, gauza ez da gehiegi aldatzen. Hori bai, asko izanez gero, zailagoa izango da testamentua egitea, baina horrelakoak ez dira gehiegi izaten, nire lanean behintzat; herritar xumeak izaten dira gehienak. Beste kontu bat da ondasun horiek banatzerakoan egon daitezkeen iskanbilak. Bada jendea ez duena onartzen testamentuak dioena, baina, normalean, lehendik arazoak dauden familietan gertatu ohi dira horrelakoak. Testamentuak, berez, ez du zertan iskanbila sortu beharrik, baina batzuetan ez da erraza izaten bakoitzak esperoak eta nahiak kudeatzea.

Zer ondasun utzi daitezke testamentu batean?

Dituzun ondasun guztiak utz ditzakezu: higiezinak, dirua, lursailak, ibilgailuak… dena. Baina ondasunak ez diren gauzak ere sa daitezke testamentuan; adibidez, adin txikiko seme-alabak dituzten gurasoek jarri izan dute biak falta izanez gero, ezbeharren bat gertatuz gero, nork edo nortzuk izan behar duten umeen tutore legalak adin txikikoak diren bitartean. Testamentuan tutoreak izendatuz gero, epaileak kontuan hartuko du hori. Beraz, ondasun material guztiak eta materialak ez direnak ere sar daiitezke testamentuan.

"Testamentua eginda uztearen abantaila nagusia da norberak esaten duela edo erabakita uzten duela bere ondasunak nola eta nori eman, eta horrek errazago bihurtzen du ondasun horiek banatzea"

 

Testamentua egiteaz aritu gara orain arte, baina jasotzea egokituz gero, zer gertatzen da?

Onartzeko edo ez onartzeko aukera duzu. Ondasunak hainbat lagunen artean banatu behar diren kasuan, pertsona bakarra bada testamentuari uko egiten diona, bere zatia beste oinordekoen artea banatuko da. Aldiz, oinordeko guztiek uko eginez gero, legeak erabaki beharko du ondasun horiekin zer egin edo nori eman.

Testamentuen lege berezirik ba al dugu Euskal Herrian?

Euskal Herrian badugu testamentuak erregulatzeko legea, eta aukera asko ematen ditu. Espainian, adibidez, seme-alabak izanez gero, legitima edo senipartea denei egokitzen zaie, ez badituzu jaraunsgabetzen behintzat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, jaraunsgabetu gabe ere aukeratu dezakezu edo ditzakezu nori utzi ondareak: seme-alabak ekidin eta bilobei utzi, seme-alabetako bakarrari utzi… Aukerak anitzak eta askotarikoak dira, eta komenigarria da zure ondasunak nola banatu nahi dituzun erabakita uztea, borondateak aurrez adieraztea, bai hiltzen denarentzat eta baita ondasunak jaso behar dituenarentzat. Eta ez ohiko testamentua bakarrik, komenigarria da Aurretiazko Borondateen Dokumentua ere eginda uztea: hori ere oso inportantea da eta oso erraza egiten. Hil aurretik zure iritzia emateko gai ez bazara, zer-nolako tratamendu medikuak jaso nahi dituzun esatea ere oso garrantzitsua da. Horretarako, hitzordua hartu behar duzu erregistroan, Aurretiazko Borondateen Dokumentuen erregistroan, eta momentuan egin dezakezu. Bata edo bestea izan, izapide errazak dira egiteko, eta herritarrak animatuko nituzke egitera, oso lagungarriak direlako, bai zeure buruarentzat eta baita oinordekoentzat ere.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide