Santu Guztien Eguna

Hiltzear ote dira hileta tradizionalak?

Erredakzioa 2023ko urr. 30a, 09:00

Daniel Morris (Unsplash)

Gertu dugu hileten iraultza. Izan ere, tradizioari lotutako hiletak eta erritualak aldatzen ari dira. Hala, jasangarritasuna edota digitalizazioa eskaera berrien artean aurki daitezke dagoeneko mundu mailan. Aukera desberdin horiek bildu ditugu ondorengo lerroetan.

Trikuharriak gorpuak ehorzteko eraturiko monumentu megalitikoak ziren eta K.a. 4.500 urtearen inguruan hasi eta K.a. 2500 urtera arte, gutxi gorabehera, eraiki zituzten gehienak. Oro har, hilobi kolektiboak izaten ziren: hileta egin ostean lurperatzen zituzten, eta inguruko herrietako hildakoak izaten ziren.

Ordutik, urteak igaro dira. Asko. Hildakoak agurtzeko ohiturak jarraitzen duen arren, agurtzeko erritualak eta joerak ere aldatzen joan dira. Betiko ohiturek, oraindik ere, indar handia duten arren, gero eta joera berritzaileagoak ari dira iristen, eta, poliki-poliki, onarpen gehiago izaten ari dira horiek. Azken urteetan errausteak oso ezagunak eta erabiliak dira gure artean, baina horiez gain, badira hileta berdeagoak edota etxekoagoak eskatzen dituzten bezeroak ere.

  • Errausteak

Espainian 1973 urtean hasi ziren hildakoen gorpuak errausten, eta ordutik, goraka joan da erretzearen aldekko hautua egiten duten herritarren kopurua. Gaur egun, ohikoa errituala da, eta hurrengo urteetan are ohikoagoa izango da. Zerbitzuaren eta mantentze lanen kostu txikiagoak, hilerrietan lekurik eza, lotura txikiagoak eta laikotasunerako joera dira aldaketa horren arrazoi nagusiak.

  • Hileta berdeak edo ekologikoak

Gizarteak gero eta gehiago eskatzen du jasangarritasuna, eta ehorztetxeek aukera desberdinak eskaintzeari ekin diete. Besteak beste, hilkutxa eta errauts kutxa ekologikoak egiten hasiak dira dagoeneko. Memora ehorztetxearen kasuan, adibidez, 2019an saldutako hilkutxen %77k baino gehiagok zigilu ekologikoa zuten. Kutxa ekologikoak, beraz, abian dira, baina etorkizunean ekohileta kontzeptua izango nagusi; produktuen eta zerbitzuen ingurumen inpaktua ahalik eta gehien murrizten saiatuko diren erritualak, hain zuzen.

  • Teknologia

Teknologiak ere lekua aurkitu du hiletetan. Hala, hildakoak oroitzeko bideoak egitea modan jarri da azken urteotan. Horrelako bideoak gaubeiletan eta agur zeremonietan erabiltzen dira batik bat. Kontuan hartuta etorkizunean zerbitzua erabiliko duten belaunaldiak millennials eta Z belaunaldia direla, hileta multimediak gero eta gehiago eskatuko eta erabiliko dela baiezta daiteke.

  • Zibilak

Gizarteak azken hamarkadetan bizi izan duen aldaketa demografiko garrantzitsuarekin eta Espainiako gizartearen sekularizazio handiagoarekin batera, agur zeremonia laikoen kopurua etengabe hazten ari da. Aldaketa horrekin batera, migrazioen inpaktuak badu eragina nazioarteko lekualdatzeetan eta gorputzen aberriratzeetan, horien eskaria handituz.

  • Errausketa likidoak

Errausketetan azken joera hidrolisi alkalinoa edo likuefakzioa deituriko prozesua da. Prozesu horren bidez, gorpua makina batean jartzen da, hezurrak izan ezik dena disolbatzen duen soluzio batekin. Hezurrak txikitu egiten dira errauts bihurtu arte, eta gero, familiari ematen zaizkio. Suarekin egindako errausketak baino inpaktu ekologiko txikiagoa duen prozesua da, eta kostua errausketa arruntaren antzekoa da.

  • Etxeetako agurrak

Gero eta gehiagok aukeratzen dute ehorztetxeek eskaintzen dituzten zerbitzuak ez erabiltzea, eta eurak arduratzea gorpuaz. Horrela, familiak garbitu eta jantzi egiten du, etxean bertan beilatzen dute hildakoa eta senideak arduratzen dira hiletaz. Gauza soila eta oso pertsonala izaten da. Hala ere, beti dago aukera ehorztetxe bat edo espezialista bat kontratatzeko, prozesuaren urratsetako baten edo batzuen ardura har dezan.

 Egungo eta etorkizuneko joera horiek guztiak, ordea, iritsi al dira Urola Kosta bailarara? Ehorztetxe handien kasuan, Memorak adibidez, badu eskaera horiei aurre egiteko gaitasuna. Txikiek eta bertakoek, aldiz, beste errealitate bat bizi dute “oraingoz”. Hala ziurtatzen du Azkoitian eta Azpeitian hileta zerbitzuak eskaintzen dituen Carmona ehorztetxeak.

Azkoitiko hilerriko argazkia.

“Gure zerbitzuak eskatzen dituzten herritarren artean, oraindik, betiko hileta tradizionalak dute indar handiena, eta horiek dira, batik bat, eskatzen dizkiguten zerbitzuak”, adierazi dute Carmonako arduradunek. Hala ere, hileta zibilen gaineko nahia areagotu dela nabaritu dute, eta eurek ere eskari hori erantzun beharra ikusi dute: “Duela urte batzuk ireki genuen agur zibilak egite aretoa eta eragin nabarmena izan du agur erritualetan; poliki- poliki, gero eta hileta zibil gehiago antolatzen ari gara”, azaldu dute.

Gipuzkoan, batez besteko hileten kostua 4.000 euro ingurukoa da, lurperatzeen kasuan 4.155 eurokoa, eta errausketen kasuan, berriz, 4.049 eurokoa. Azpeitian eta Azkoitian egiten diren hileten batez besteko kostua kalkulatzea oso zaila dela onartu dute Carmona ehorztetxekoek: “Azkenean gauza asko hartu behar dira kontuan; lore koroa, kutxa, loreak… Baina hileta batetik bestera ez da alde handirik izaten kostuan; hau da, hileta tradizionala, zibila edo errausketa, prezioan ez dago aldaketa nabarmenik”, amaitu dute.

Hautsa zara eta hauts bihurtuko zara

Garizuma Aste Santuaren aurreko 40 egunetan ospatzen da, Pazkorako prestakizun gisa. Pazko eguna baino 46 egun lehenago hasten da, Hausterre egunean, inauteriak pasatu ondoren. Egun horretan, elizkizun berezia egiten da: eliztarrei, bekokian hauts bedeinkatuz gurutzearen zeinua egiten zaie, ondorengo esaldia esanez: "Hautsa zara eta hauts bihurtuko zara". Aspaldiko ohitura etorkizuneko joera bihur daiteke, ordea, zenbait erritual berri ikusita.

Euskal Herrira oraindik iritsi ez diren arren, munduko beste leku batzuetan badira etorkizunean horren arraroak egingo ez zaizkigun hainbat joera. Azken hilabeteetan ezagunak egin dira pertsona maiteen errautsak ontzi batean uztea baino aukera interesgarriagoak: enpresa ingeles batek binilozko disko batean konprimatzen ditu errautsak abesti pertsonalizatu batekin; tatuatzaileek tintarekin nahas ditzakete errautsak eta hildakoaren omenez tatuaje pertsonalizatuak egin; eta Alabamako (Amerikako Estatu Batuak) enpresa batek zuk aukeratutako munizioan jartzen ditu errautsak, tiro egin dezazun. Errautsak sakabanatzea ere modatik pasako delako, uste baino lehen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide