Urola Kostako Udal Elkartearen Enplegu Sailak jakinarazi duenez, Global Training 2023 programak atzerrian ordaindutako lanbide praktikak egiteko 80 beka eskainiko ditu. Unibertsitate titulua edo goi mailako lanbide heziketa ikasketak eta B2 ingeles maila dituzten 30 urtetik beherako gazteen artean banatuko dituzte beka horiek.
Egitasmoa Garapen Agentzien Euskal Elkarteak eta Donostiako Sustapen Sailak sustatzen dute elkarlanean, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin. Programari esker bekadunek gutxienez sei hilabetez "beren mugak zabaltzeko, trebetasun eta ezagutza berriak eskuratzeko, eta beren garapen pertsonala eta profesionala nazioartean aberasteko aukera" izango dutela nabarmendu du udal elkarteak Beka bakoitzak 1.635 euro eskainiko ditu hileko, gutxienez sei hilabetez, baina ordainsari horri dagokion Gizarte Segurantza eta PFEZ kendu beharko zaizkio.
Programan izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 22ra arte. Egitasmoaren inguruko informazio zehatza, eskainitako beken helmugak, enpresak eta espezialitateak eta izena emateko argibideak Global Training programaren atari digitalean eskuratu ditzakete gazteek.