Amaitu da 45+ Indartzen prestakuntza-programa, eta hau positiboki baloratu dute ekimenaren parte izan diren hamar herritarrek. 45+ Indartzen ekimena 45 urtetik gorako herritarrak lan-munduan sartzeko 40 orduko prestakuntza-programa da. Antolatzaileen hitzetan, "Urola Kostako Udal Elkarteak sustatuta, egitasmoaren helburua da parte-hartzaileak ahalduntzea, aldaketarako prestatuz, indartuz, etengabeko hobekuntzarako bidea zabalduz eta haien laneratzea erraztuko duen ikuspegi aldaketa eraginez".
Hori horrela, seigarren edizioko hamar parte-hartzaileek 40 orduko prestakuntza eta banakako hiru coaching saio jaso dituzte "aurrez aipatutako aldaketa hori bultzatzeko eta laneratzeari begira hobekuntzarako bidea irekitzeko", antolatzaileek adierazi dutenez. Programa parte-hartzaileen ahalduntzea lortzera bideratuta egon da, eta coaching saioen bitartez, "parte-hartzaile bakoitzaren lan-helburua definitu da, bakoitzaren baliabide indibidualak eta izan ditzaketen oztopoak eta kargak identifikatuz, eta indarguneak zein ahulguneak kudeatzeko lan-orientaziorako hainbat tresna eskainiz eta ikuspegi berri bat praktikan jarriz".
75 parte-hartzaile izan ditu ekimenak programari hasiera eman zitzaionetik, eta horien balorazio positiboa ikusita, Urola Kostako Udal Elkarteak ekimenarekin aurrera jarraitzeko jarrera erakutsi du. Horrenbestez, eta ekimen honi lotuta, EMA+ programa jarriko dute abian; emakumeak ahalduntzeko eta lan-munduan murgiltzeko diseinatutako ekimena.
Programaren inguruko informazio gehiago jasotzeko Urola Kostako Udal Elkartea; Garapen Agentzia Enplegu sailarekin (Vanessa Garcia, Olaia Sainz) jar daiteke harremanetan; telefono bitartez (943-89 08 08) edota lanpoltsa@urolakosta.eus helbidean.