Karkarak hauteskundeei buruzko lanketa berezia egingo du datozen asteetan. Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru bozak, eta horien atarian hainbat egitasmo egingo ditu. Gainera, hauteskunde egunean eta gauean horien jarraipena egingo du, eta biharamunean ere eskainiko du bozen gaineko informazioa Orioko eta Aiako hedabideak.
Azken urteetako legez, alkategaien mahai ingurua izango da Orion. Anuska Esnal EH Bilduren, Noemi Ostolaza EAJren eta Ana Priede PSE-EEren zerrendaburuak aurrez aurre ariko dira hizketan maiatzaren 22an, astelehenez, Kultur Etxean (19:00). Herritarrentzako irekia izango da Orioko saioa, eta gainera, Karkara.eus-en eta Erlo Telebistan zuzenean ikusi ahal izango da. Aiora Larrañaga kazetariak gidatuko du aurtengo mahai ingurua.
Hauteskundeen atarian Aiako eta Orioko alkategaiei elkarrizketak egingo dizkie Karkarak. Hain zuzen ere, Orioko EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren, eta Jon Ander Azpiroz Aiako EAJren, Aitor Arregi Aiako EH Bilduren eta Roman Berloso Aiako Batzarre Burujabetza plataformako alkategaiaren solasaldiak kaleratuko dituzte Urola Kostako Hitzak eta Karkarak maiatzaren 9an –Aia– eta 18an –Orio–, bideoz nahiz idatziz.
Aste horretan bertan, gainera, Orioko Esnal eta Ostolaza alkategaiei eta Aiako Arregi alkategaiari galderak bidaltzeko parada izango dute herritarrek. Izan ere, Orioko eta Aiako alkategai horiek Karkararen egoitzan izango dira herritarrek egindako galderak erantzuten. Elkarrizketa digitalak direnez, Karkarak hitzorduak baino egun batzuk lehenago zabalduko du hautagaiei galderak bidaltzeko epea; aurrerago emango ditu hedabideak xehetasunak.
Hauteskunde eguna eta biharamuna
Hauteskundeen egunean eta gauean jarraipen berezia egingo du Karkarak webgunean. Hain zuzen ere, argazki bildumak, bideoak, parte hartze datuak eta abar eskainiko ditu Orioko eta Aiako hedabideak egun osoan zehar webgunean. Gainera, gauean zuzenean eskainiko ditu herriko emaitzak Karkara.eus-en, baita alderdien eta alkategaien lehen erreakzioak ere.
Biharamunean bozei eskainitako egunkari berezia kaleratuko du Urola Kostako Hitzak, eta egun horretan ere foru bozen emaitzak zein bestelako hainbat eduki eskainiko ditu Karkarak.