Zilbor-heste luzeenak

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 21a, 10:00

Kalean galdezka hasiz gero, herritarrak ohartuko lirateke dozenaka eta dozenaka guraso bizi direla eskualdean, seme-alabak jatorrizko herrialdean utzita. Familia transnazionalak dira horiek. Sentimenduez nahiz egokitzapen zailtasunez mintzatu dira Nikaraguako eta Hondurasko ama bana, Guatemalako seme bat, Zarauzko Udaleko Immigrazio teknikaria eta sail horrek antolatzen duen talde terapiako psikologoa.

"Zilbor-hestea ugaztunen haurdunaldian enbrioi edo umekia karenarekin lotzen duen lokarria da. Bere barnean arteria eta zainak ditu, karenatik umekira elikagaiak eta oxigenodun odola eramateaz arduratzen direnak. Erditzearen ondoren, zilbor-hestea moztu egiten da". Hori zilbor-hestearen definizioa da, eta zilbor-hestea ebaki egiten bada ere, ez da mozten amaren eta umearen arteko lotura.

Familia ereduak gero eta anitzagoak dira mendebaldeko gizarteetan; eskoletara gerturatu besterik ez dago ikusteko zenbat motatakoak dauden: aitaz eta amaz osatutako ereduak dira nagusi oraindik, baina gurasoak bananduta dituzten familiak gero eta ugariagoak dira, baita guraso bakarrak eta bi amez edo bi aitez osatutako familiak ere. Askoz gutxiago diren arren, tantaka-tantaka, eskoletan bada beste familia mota bat: familia transnazionala. Horien ezaugarri nagusia da hainbat urtez umeak gurasoetako batengandik urrun bizi izan direla –amarengandik urrun, normalean–, eta gerora, berriz elkartu direla, jatorrizko herrialdea atzean utzita.

Eskualdean halako zenbat familia dauden jakitea ez da erraza, datu ofizialik ez dagoelako. Lor daitezkeen datu bakarrak dira familia berriz elkartzeko egin diren eskaera kopuruari dagozkionak: Urola Kostan, iaz, 80 izan ziren berrelkarketa eskaerak. Berrelkartu aurretik, ordea, banandu beharra dago. Eta horri lotuta ere datu falta da nagusi. Zenbat pertsona, batez ere emakume, bizi dira Urola Kostan seme-alabak jatorrizko herrialdean utzita? Ezin da jakin zenbateko zehatza, baina ozenaka eta dozenaka dira, eta horietako biren testigantzak jaso ditu Gukak.

Errudun sentimendua

Miryan Lopez Bautista nikaraguarra da, eta 45 urte ditu. Azkoitian bizi da, eta Azpeitiko San Martin adinekoen egoitzan egiten du lan laguntzaile gisa. Duela bederatzi urte zeharkatu zuen Atlantikoa, 8 urteko alaba eta 12 urteko semea senarrarekin eta amonarekin utzita.

Miryan Lopez

Haren arabera, gogorra izan zen erabakia hartzea, eta gogorra egiten zaio oraindik orain gaiaz hitz egitea. Kafea eskuetan eta malkoak begietan mintzatu da momentu hunkigarrienetan. Errudun sentitzen da seme-alabengandik urrun egoteagatik. "Ama naiz, eta beraien ondoan ez naizela egon sentitzen dut, baina ez zegoen beste aukerarik. Izan ere, Nikaraguako gobernua aldatu zenean, agintari berriek beren pentsaera zuten herritarrei eman zizkieten lanpostuak, eta gu kalean gelditu ginen", azaldu du.

"Sentitzen dut ez naizela egon beren ondoan, baina ez zegoen beste aukerarik"

Bederatzi urtez, egunero-egunero hitz egin du seme-alabekin. Aurrena telefono dei bidez komunikatzen ziren, baina Whatsapp-a martxan denetik, bideo deiak egiten dituzte. "Hemen gauerdia denean ateratzen dira han eskolatik, eta beti deitu izan diet eguna zer moduz joan zaien jakiteko, baita etxeko lanekin laguntzeko ere. Han utzi banituen ere, gertu senti nazaten nahi dut", aitortu du. Baina ez da erraza hori lortzea: "Alabak 17 urte ditu, eta oraindik hara itzultzeko esaten dit, ez duela ezer materialik nahi, frijoleak janda biziko garela". Sufritu egiten du hori entzutean, eta semea txikiagoa zeneko oroitzapenak ekartzen dizkio gogora. "Semeak askotan izaten zituen sukarra eta konbultsioak. Halakoetan, deitu egiten zidan, eta biok egiten genuen negar", azaldu du. "Han bazituen aita eta amona, baina ama nahi zuen hark; normala da", gaineratu du.

Saiatu da distantzian normaltasuna mantentzen. Hala azaldu du: "Poemen errimak egiten lagundu izan diet, eskolako ariketak egiten ere bai... Argazkia atera eta bidaltzeko eskatzen nien, eta ikusi eta nire iritzia ematen nien bueltan. Guraso guztiok nahi izaten dugu onena seme-alabentzat. Nire gurasoek gogor egin zuten lan nik ikasketak izan nitzan, eta nik ere hona etortzea erabaki nuen haiek unibertsitatera joan daitezen". Semeak kontabilitate publikoko gradua amaitu berri du, eta diseinu grafikoko ikasketak egin nahi ditu orain. Alaba, berriz, odontologia ikasten hasi da. "Harro" dago zentzu horretan. Hiru urtean behin joaten da Nikaraguara bisitan; azken aldiz joan den abenduan izan zen han, seme-alaben graduazioen aitzakian. "Diru asko gastatu dut, baina ezin nuen galdu halako zerbait".

"Semeak deitu egiten zidan sukarra zuenean, eta biok egiten genuen negar"

Lopezen hasierako asmoa seme-alabak Euskal Herrira ekartzea zen, baina bete beharreko baldintzak ez dira batere errazak haren esanetan, eta hemen behar duten guztia ezingo liekeela eskaini konturatu dela aitortu du. "Eskatzen dizute espainiar nazionalitatea edukitzea, zure izenean etxea izatea [alokairuan edo erosita], kontu korrontean aurrezkiak edukitzea familia manten dezakezula erakusteko... Ezin ditut baldintza horiek
bete. Aurten Nikaraguara betirako itzultzea pensatzen nuen, baina ezinezkoa da. Hiru anai-arreba gara, eta ni bakarrik atera naiz Nikaraguatik kanpora lanera. Ondorioz, nik ordaindu behar izaten ditut gurasoen botikak, biak oso gaixo daudelako eta han ez dutelako ezertarako eskubiderik. Seme-alaben ikasketak eta hemen bizitzeak eragiten dituen gastuak ordainduta, ez zait aurrezteko aukerarik gelditzen".

Azkoitian ez da gaizki bizi, ordea. Hori ere azpimarratu du: "Gutxi batzuen partetik jasan dut arrazakeria, baina ni harro nago nire arrazaz eta jatorriaz. Gehien-gehienak herritar jatorrak dira, eta oso ondo hartu naute Azkoitian; batzuk, gainera, ikaragarri ondo portatu izan dira nirekin" –izen-abizenez aipatu ditu horiek–. Jauzitako malkoak xukatu eta esker oneko hitz horiekin amaitu nahi izan du tertulia Lopezek, irribarrea ezpainetan eta begietan.

Muturreko egoeran ere tinko

Oso bestelakoa da Doris Sagrario Martinezen istorioa. Honduraskoa da, eta lau hilabete soilik daramatza Euskal Herrian. Zestoan bizi da, Malen Etxeak emakume migranteentzat duen harrera etxean.

Ezer ez dutenentzat aterpetxea da, eta halaxe dago Martinez: ezer gabe. "Engainatu egin gintuzten laguna eta biok, eta ezer gabe gelditu ginen Parisko aireportuan. Geneukan diru guztia erabili genuen aurrena Bilbora eta gero Zestoara etortzeko, ezagun bat geneukalako hemen". Hala ere, zorteko sentitzen da, "Malen Etxekoen eskuzabaltasunagatik". 46 urte ditu eta zortzi seme-alabaren ama da. Zaharrenak beren kabuz bizi dira, amona ere bada jada, baina lau seme-alaba gazteenengatik hartu zuen Europarako abioia; 20, 10 eta 5 urteko semeengatik eta 12 urteko alabagatik, hain zuzen ere. "Nire gurasoak oso txiroak ziren, eta nik ezin izan nuen ikasi. Seme-alabentzat etorkizun hobea nahi dut", azpimarratu du.

"Bideo deiak egitean Jaungoikoari eskatzen diot ez nadila negarrez hasi"

Elkarrizketarako hitzordua jarritako egunean, lanetik atera berri da Getarian. "Adineko pertsona bat zaintzen ari naiz haren etxean interna, beste emakume bat ordezkatzen hamabost egunerako", kontatu du. Ez daki lanik izango duen ordezkapena bukatzean, baina bera "gogor lan egitera" etorri dela azpimarratu du, lanerako irrikaz dagoela.

Lopezek bezala, Martinezek ere badu errudun sentimendua, baina negarrari ez dio biderik ematen. "Gogorra da herrialde honetan ezer eduki gabe eta ezer jakin gabe egotea. Bideo deiak egiten ditugunean, negarrez ez nadila hasi eskatzen diot Jainkoari, seme-alaben aurrean gogor mantendu behar dudalako. Eta, orain arte, hala egin dut; malkorik ez dut isuri. Beraiei beti bezala hitz egiten diet, beti bezala tratatzen ditut... Izan ere, seme-alabek banaketa gainditzea nahi dut", esan du. Hala jarraitu du: "5 urteko semeak esaten dit halako gauza eta beste halako gauza erosteko, eta nik baietz erantzuten diot. Itsasertzean jartzen naiz mugikorrarekin haiei itsasontziak erakusteko, eta semeak jolasteko itsasontzia erosteko eskatzen dit, uretan jarri eta ni nagoen tokiraino etorri nahi duelako. Gogorrarena egiten dut nik, barre egiten dut. Izan ere, ezin dut negar egin bere aurrean". 20 urteko semea utzi du beste hiruren kargu. "Harentzat ere gogorra da, egunez lan egiten duelako eta gauez ikasi, baina nire alaba zaharrago baten laguntza ere izaten du txikiak gaixotzen direnean eta. Gurasorik ez dut jada, eta hala moldatu behar dute, ez dago beste aukerarik".

"Gurasoak oso txiroak ziren eta ezin izan nuen ikasi. Seme-alabentzat etorkizun hobea nahi dut"

Martinezen ustez, sufrimendua da umeak uztea, baina okerragoa da ezer ez egitea. "40 urtetik gorakoentzat ez dago lanik Hondurasen. Nik osasun arloko boluntario lanak egiten nituen, eta trukean, seme-alabentzat laguntzatxoak ematen zizkidaten. Baina zerbait gehiago behar nuen". Ez daki denborarekin seme-alabak Euskal Herrira ekarriko dituen ala Hondurasera itzuliko den. Galdera horri erantzuteko azkarregi deritzo. "Jaungoikoak esango dit zer den onena; ikusiko dugu". Hondurastik atera aurretik, seme-alaba guztiei azaldu zien urrunera eta denbora luzerako lanera joateko aukera emanziotela. Txikienak berarekin joango zela esan ziola oroitu du. "Gogorra egiten zitzaidan berak hori esatea. Azaldu nion, bera hobeto bizi zedin nentorrela lanera. Eguna iritsi zenean, baietz, joateko esan zidan, baina berari auto handi bat erosteko [barrez]. Eta horrela etorri ahal izan nuen". Seme-alaba guztiek ez zuten modu berean erreakzionatu, ordea. "Min gehien alaba negarrez ikusteak eman zidan. Ez joateko esaten zidan, baita azken egunean ere. Eta nik negarrik ez egiteko esaten nion, banekiela-eta berarengana itzuliko nintzela. Gogorra da, baina zer egingo diogu, bada? Guztia haien hobebeharrez da".

Amari errespetuz

Martinezen eta Lopezen errudun sentimendu horrek talka egiten du Estiven Benjamin Mexiaren iritziarekin. Guatemalakoa da, 27 urte ditu, eta bederatzi urte daramatza Zarautzen bizitzen, amarekin eta anaiarekin berrelkartuta.

Txikitatik ezagutu du ama herrialde batetik bestera bidaiatzen beraiei etorkizun hobea emateko. "Amarekin eta amonarekin bizi nintzen txikitan, eta batak zein besteak hazi ninduten, amak lan egiten zuelako. Gogoan dut ama aurrena Mexikora joan zela lanera, eta amonarekin gelditu nintzela ni orduan; dena den, beti mantendu nuen harremana amarekin". 7-8 urte izango zituen orduan. Bi urterako joan zen ama Mexikora, eta Hondurasera itzulitakoan Mexiaren anaia jaio zen. Gero, Euskal Herrira etorri zen Mexiaren ama, Zarautzera, eta semea hiruzpalau urtera elkartu zen amarekin Euskal Herrian.

"Amarekin elkartu ondoren konturatu nintzen faltan bota izan nuela"

"Txikitan ez nuen alde handirik nabaritzen amaren eta amonaren artean; faltan sumatzen nuen ama, bai, baina tira. Beti egon izan naiz amonarekin, eta niretzat ama bezalakoa zen. Hala ere, Zarautzen amarekin elkartu nintzenean konturatu nintzen alde handia zegoela batak eta besteak ematen didanaren artean. Guatemalan nengoenean, ez nuen amarengana etortzeko kristoren beharrik sentitzen, baina Zarautzen hiru urte berarekin egin ondoren sentitu nuen benetan bera zela nire ama; hau da, amona eduki arren, ama faltan sumatzen nuela".

"Guk orain daukagun bizimodua daukagu ama arriskatu eta ausartu egin zelako"

Mexiak azpimarratu duenez, amarekin elkartu eta berehala "konfiantza handia" sortu zen bien artean: "Beti gurekin egon izan balitz bezala sentitzen nintzen". Errespetuz aritu da amaz hizketan, kazetariak anaia eta biak amonarekin utzi eta beste herrialde batera lanera joan izanagatik ama errudun sentitzen al den galdetu dionean: "Amak aipatu izan dit errudun sentitu dela, eta galdetu izan dit berarekiko gorrotorik ez al dudan sentitzen. Nik argi daukat guk orain daukagun bizimodua ama arriskatu egin zelako eta pausoa ematera au-
sartu zelako daukagula. Txikitan sekula ez nukeen pentsatuko orain horrela biziko nintzenik. Ondoko herrialdera bidaiatzeko aukera izango nuenik ere ez zitzaidan pasatzen burutik, oso aukera gutxi dagoelako Guatemalan". Horregatik, amari eskerrak eman beharrean dagoela sentitzen du: "Niretzat eta nire anaiarentzat hoberako aldaketa handia izan da Zarautzera etortzea".

Talde terapia minaren aringarri

Zarauzko Udaleko Immigrazio teknikaria da Julen Aranguren, eta haren esanetan, azken urteetan Zarautzera iritsi diren etorkin gehienek erreportaje honetako protagonisten profil berbera daukate: emakumeak dira, latinoamerikarrak, eta umeak jatorrizko herrialdean utzita etorri dira lanera, zaintza arloko lanetara, zehazki.

Horregatik, teknikariak gertutik ezagutzen duen gaia da familia transnazionalena, batez ere familia horiek berriz elkartzen diren prozesuari dagokionez. Iaz, esaterako, familiak berrelkartzeko hamabi eskaera egin zituzten herrian, eta horietatik zortzi emakumeenak ziren. Halaber, sei eskaera emakume nikaraguarrek egindakoak izan ziren.

"Ideala litzateke lanketa emigratu aurretik hastea eta amatasun hori distantzian ere lantzea"

Gogorra izaten da umea eta ama banatzen diren unea, baita berriz elkartzen diren unea ere, eta hori horrela izanik, Zarautzen urteak daramatzate guraso horientzat talde terapia saioak antolatzen. "Ideala litzateke lanketa guztia migratu aurretik hastea, eta amatasuna distantziara lantzeko pauta batzuk ematea emakume horiei; izan ere, urteak egoten dira egoera horretan, eta seme-alabekin berriz elkartzen direnean, arazoak sortzen dira", azaldu du. Gehienetan, ordea, lanketa berandu hasten da, eta talde terapian berrelkarketa prozesua hasita edo bukatuta duten gurasoek parte hartzen dute normalean. Faktore batzuek are gehiago zaildu dezakete familia horien elkarbizitza, eta faktore horietan garrantzitsuenak zerrendatu ditu Zarauzko talde terapia gidatzen duen Jaume Galvany psikologoak: "Batetik, kontuan hartu behar da gurasoek umeei zer azalpen ematen dizkieten beren herria utzi behar dutenean; bestetik, kontuan izan behar da berrelkartzerakoan umeei elkartu nahi al duten, eta baiezko kasuan, nola eta noiz egin nahi duten galdetzen al zaien.

"Urteak egoten dira bananduta, eta berriz elkartzean, arazoak sortzen dira"

Azkenik, adinak garrantzi handia dauka: 12-14 urteko umeek gazteagoek baino zailtasun askoz handiagoak izaten dituzte egokitzapenerako. Izan ere, kostatu egiten zaie hemengo taldeetara egokitzea: hizkuntza berri batekin egiten dute topo, eta kulturalki komunean gauza asko eduki arren, beste gauza asko ez ditugu partekatzen. Gainera, pila bat kostatzen zaie eskola berrira eta ikasketa berrietara egokitzea".

Aranguren eta Galvany amek sentitzen duten minaz eta errudun sentimenduaz ere mintzatudira. Gai hori asko lantzen dute talde terapietan, eta uste dute gurasoei on egiten diela beren egoera berean dauden beste gurasoekin horretaz hitz egiteak. Gurasoek ez ezik, umeek banaketa prozesua nola bizi duten ere aztertu behar da, ordea. "Umeen abandonu sentsazioari lotuta, ikusi egin behar da jatorrizko herrialdean guraso horiek zenbat denboraz aritu diren ama edo aita paperean eta ume horiek nolako atxikimendua izan duten gurasoekiko.

"12-14 urtekoek gazteagoek baino zailtasun gehiago izaten dituzte egokitzeko "

Okerrena da alde egiteko erabakia azalpenik eman gabe hartzea eta umea erreferente argirik gabe gelditzea sorterrian, eta askotan gertatzen da hori", azaldu du Galvanyk. Kontuak kontu, denborarekin, umeak, txikiak badira behintzat, erreferentziazko beste figura batengana lotzen eta haietara egokitzen direla
azaldu du psikologoak: "Horregatik, umeek beti bi dolu izaten dituzte: bat, amak alde egiten duenekoa, eta bigarrena, beraiek beren herrialdetik alde egiten dutenekoa. Ez dira egoera samurrak izaten". Dolu egoera horiek bizita, nola egiten dute aurrera, ordea? Normalean, arazo patologikorik ez badago, egokitu egiten direla esan du hark.

"Okerrena da umeei azalpen garbirik eman gabe hartzea alde egiteko erabakia"

Hori bai, argi dute talde terapiek onura asko dituztela, eta horregatik, aurten aurreneko aldiz, ahalik eta familia transnazional gehienengana iristeko, Zarauzko bost ikastetxeekin elkarlana abiatu du Zarauzko Udaleko Immigrazio Sailak. Helburua argia da: halabeharrez horrenbeste luzatutako zilbor hesteen orbain eta zauriak arintzen laguntzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide