Gasteizen hasi eta ia mila kilometro egin eta gero Eibarren amaituko da aurtengo Itzulia. Apirilaren 3an abiatuko da tropela Arabako hiriburutik eta hilaren 8an amaituko du 992,5 kilometroko bidea Eibarren. Guztira, sei etapa izango dira eta txirrindulariek 26 mendate igoko dituzte. Horietako gehienak –hamasei– hirugarren mailakoak; zazpi mendate bigarren mailakoak izango dira eta hiru besterik ez dira izango lehen mailakoak. Hirurak ere azken etapan igoko dituzte. Aurten erlojupekorik izango ez dela ere iragarri dute antolatzaileek.
Tropela bitan igaroko da Urola Kosta eskualdetik, hirugarren eta seigarren etapetan, hain zuzen. Apirilaren 5ean Errenteria eta Amasa-Villabona arteko bidea egingo dute txirrindulariek. Guztira, 153,9 kilometroko etapa izango da. N-634 errepidea jarraituta Oriora helduko dira, eta handik, kostako errepidea jarraituta, Zarautz, Getaria eta Zumaia igaroko dituzte. Behin Zumaia pasatuta, Meaga (3. mailako mendatea) igoko dute Zarautzera jaisteko eta handik Andazarraterako (3. mailako mendatea) bidea jarraituko dute.
Azken etapan, berriz, apirilaren 8an egingo den seigarrenean, Azkoitia igaroko dute. Etapa horrek Eibarren izango du irteera eta helmuga, 137,8 kilometro beteta. Azkoitira Azuri (1. mailako mendatea) igo eta gero helduko dira. Behin herritik pasatuta, Gorla (2. mailako mendatea) igotzeari ekingo dio tropelak.