Estibaliz Urresola bilbotarrak zuzendutako Cuerdas lanak film laburrik onenaren saria eskuratu du Albaceteko (Espainia) Abycine zinema independentearen jaialdian, eta Maialen Sarasua oriotarrak badu sari horretan partea; izan ere, bera arduratu da filmaren muntatze lanez. Aktore lanetan, berriz, Xanti Agirrezabala azpeitiarrak jardun du.
Cuerdas filma Cannesko (Frantzia) zinema jaialdiko 61. Kritikaren Astean aurkezteko hautatu zuten maiatzean, eta Agirrezabalak orduan esan zuen lanak ibilbide oparoa egiteko abiapuntu egokia izan zitekeela hori. Esan eta izan. Harrezkero, Donostiako zinemaldian erakutsi dute lana, eta orain, bere kategoriako lehen saria irabazi du Albaceten.