Mozorroen festa

Eli Huegun 2015ko mar. 2a, 12:29

Duela egun gutxi, lagun artean hizketan, neskei ia edozer ondo geratzen zitzaiela esan zuen norbaitek, eta inguruko askok arrazoia eman zioten

inauteriak izan berri diren honetan, aspaldidanik buruan darabilkidan gogoeta zuekin elkarbanatzea erabaki dut, neska gazteen mozorroak zenbateraino dauden sexualizatuta ikusteak barrua astintzen baitit.

Inauteri larunbatean, Zarautzen, hamabi urtetik pasako ez ziren neskatoz osatutako koadrila bat jantzita nola zihoan ikusteak zer pentsatua eman zidan. Gaia korapilatsua iruditzen zait, horretan aditua ez naizen aldetik, baina generoaren arabera mozorrotzeko erak nola ikusten ditugun desberdintzeko gai, behintzat, banaiz.

Duela egun gutxi, lagun artean hizketan, neskei ia edozer ondo geratzen zitzaiela esan zuen norbaitek, eta inguruko askok arrazoia eman zioten. Nire buruari galdegin nion ea neska izateagatik hobeto egongo litzatekeen nire mozorroa, edota lan eta saiakera berdina egin zuen mutila ni baino okerrago egongo litekeen mutila izateagatik bakarrik.

Tuntuna ni.

Nire artean pentsatzen aritu nintzen eta, konturatu nintzen nesken mozorrotzeko era gorputzaren forma edota gorputz atalak atzemanaraztera murrizten zutela, mozorroaren edertasuna horren arabera neurtuz.

Ez litzateke hain larria izango lagun arteko elkarrizketa soil bat besterik izango ez balitz, baina, orduan, hamalau bat urte genitueneko pasarte bat etorri zitzaidan gogora, non erakunde publiko batek antolatutako mozorro lehiaketa batean adin bereko neska koadrila bati eman zioten saria.

Euren meritua? Leopardo estanpatuzko tela batekin eginiko gona motza eta titi-zorroak janztea. Leopardoz jantzita bai, baina leopardo mozorrorik ez. Mozorroaren egokitasuna ez eta beste zerbait baloratu zietela ziur dakit. Erakunde publikoek gizarte pertzepzio sexista hauek babestea larria iruditzen zait.

Gure lurraldean inon inauteriek garrantzirik badute, leku hori Tolosa da. Hara joan naizen bakoitzean –egunez nahiz gauez– mozorroaren festa beste era batera bizi izan dut. Nik ikusitakoagatik behintzat, eta orokortuz, jendeak mozorroak imitatu nahi den horren antza izateari garrantzia ematen dio, beste gauzei erreparatu gabe. Inauteriak Tolosatik kanpo ospatzen ditugunok ere berdin egin dezagun.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide