Jira eta bira

Joxean Manterola 2015ko mar. 2a, 11:45

Tontondromoa! Badakit itsaskorra dela azken izen hori, baina Aia bezalako herri euskaldun batentzat iraingarri xamarra iruditzen zait.

Hamalau hilabete inguru igaro dira Aian kanposantua inguratzen duen ibilgune ponpoxo hori ireki zigutenetik. Geroztik hor gabiltza jira eta bira edo bira eta jira, izan ere pastilletan gastatzea baina hobe dela oinetakoetan gastatzea esaten dute medikuek, eta oro har, osasunean adituak direnek. Ibilgune polita, izan bada, baina badu arazo txikiren bat edo beste. Izan ere, batzuk erlojuaren orratzen eran eta besteak alderantziz ibiltzen garenez, bira asko egin nahi badituzu bira bakoitzean bi aldiz gurutzatu behar zara kontrabidean doan pertsona berarekin; azkenerako ez dakizu kaixo esan, agur esan edo ezer esan gabe pasa.

Beste arazotxoa da ez dakigula nola deitu ibilgune honi. 2013ko abenduaren 26an irekierari buruz idatzi zuten kazetariak ere ez ziren ados jarri: Kirol ibilbide berria, deitu zioten Diario Vascokoak eta Berriakoak, Karkaran idatzi zuenak berriz Kirol zirkuitu berria. Baina aiarrek? Ba ez dut uste adostasunik dagoenik: Kanposantu aldeko ibilbidea, Hilerri inguruko ibilbidea eta azken aldean indarra hartzen ari dena Tontodromoa! Badakit itsaskorra dela azken izen hori, baina  Aia bezalako herri euskaldun batentzat iraingarri xamarra ere badela iruditzen zait.Bide hori egin zelako haserre xamar zegoen adineko gizon aiar batek horrela zioen: Ikusiko dik jendeak hor haizea eta euria hasten direnean, urteko makina bat egunetan ez dik ez jendeak hor ibiltzen lan handirik izango. Hori harrapatzen ez duen haizerik ez duk, iparra denean alde batetik, hegoa denean bestetik, eta mendebaldekoak, eta zer esanik ez, sortaldekoak, denak harrapatzen ditek bide hori!

Ba hortxe dagoela uste dut gakoa, Lauhaizeta ibilgunea izan beharko lukeela uste dut bide horrentzat izen naturala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide