Sanikolasak

Datorren urteko sanikolasei begira

Karkara 2014ko abe. 11a, 10:16

Udalbatzarra egin zuten gazteek eta datorren sanikolasetarako bost ideia adostu zituzten. Proposamenak hurrengo festa batzordera eramango dira.

Alkatearen makila eskuetan hartu eta zinegotzien paperean sartuta udaletxeko aretora sartu ziren sei ikasle: Saioa Olasagasti, Martin Alberdi, Leire Olariaiga, Alejandra Aramendi, Aida Makazaga eta Amin Ziani. Beren zain Ekiñe Saizar, Bixente Lasa eta Angel Iparragirre. Paperak aldatu eta gatetxoak eseri ziren mahaiaren bueltan.

Ikusleen eserlekuetan, gurasoak, gutxi batzuk. Gaztetxoek faltan bota zuten gertuko jende gehiago joan ez izana udalbatzarrera. Eta bertaratutako gurasoek ere nerabeen presentzia handitu beharra zegoela iruditzen zitzaien.

Hamar minutuko tartea izan zuten eztabaidatzeko, datorren urteko sanikolasetarako proposamenak adosteko. Bost proposamen garatu zituzten:

  • Festei hasiera emateko, deiadarrean, suziria botatzea. Pum hotsarekin hastea festak, baita amaitzea ere. Festei bukaera emateko beste suziri bat botatzea proposatu zuten.
  • 17:00etan arrantza lehiaketa egitea proposatu zuten, sanpedroetan egin zen bezala.
  • Eguerdian, adin guztietako jendeak parte hartu dezaken herri kirolak egitea pentsatu zuten. Haur, gazte eta helduak, guztion batera jolasteko aukera polita iruditu zitzaien. Elkarri laguntzen ondo pasatzea izango luke helburu jolasak.
  • 18:00etan karaokea eta koreografia lehiaketa egitea proposatu zuten. 
  • 18:30ean soka salto lehiaketa.

Proposamen guztiak irakurri zituzten. Ekiñe Saizarren ustetan guztiak egingarriak dira, aurrekontu gutxikoak, gainera. Saizarrek hurrengo festa batzordera proposamenak emango zituela hitzeman zien gaztetxoei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide