Sanikolasak

81 ziba jokalari, txapeldun bat

Karkara 2014ko abe. 9a, 10:26

Haur, gazteak eta helduak: guztiek hartu zuten parte abenduaren 7an egin zen I. Ziba Lehiaketan. 

Ohitura zaharra da, aspaldiko jolasa, zibarena. Igandean, San Nikolas jaietako umeen egunean, lehendabizikoz lehiara eraman zen zibaren jokoa. Haur, gazte eta helduak elkartu ziren eguerdiko hamabietan herriko plazan, zibak dantzan jartzeko.

Adinaren arabera, hiru taldetan banatu zituzten parte hartzaileak. A taldean, 10 urte bitarteko hirurogei neska-mutil zeuden; B taldean, 11-16 urte bitarteko hamabi; eta, D taldean, 16 urtetik gorakoenean, bederatzi lagun bildu ziren. Guztira 81 zibalarik hartu zuten parte.

Talde bakoitzean bi garaile

A taldean hiru kanporaketen ondoren, Unai Bazaez eta Unai Otamendi izan ziren hoberenak.  B taldean Mikel Erkizia eta Jon Uranga izan ziren bi hoberenak eta D taldean Ruth Etxeberria eta Eneko Gaztañaga. Multzo bakoitzeko lehen biek ziba profesional bana jaso zuten eta azken probarako sailkatu ziren.

Azken proban, irabazle bakarra

Unai Bazaez, Unai Otamendi, Mikel Erkizia, Jon Uranga, Ruth Etxeberria eta Eneko Gaztañaga izan ziren sei hoberenak, hortaz, azken probara sailkatu direnak. Proba hori ere kanporaketa moduan jokatu zen. Tiraketa baten ondoren hiru onenak sailkatu ziren finalera: Otamendi, Erkizia eta Uranga. Hiru gazteenak, alegia.

Hiruretatik garailea, txapelduna, Jon Uranga izan da. Bigarren Unai Otamendi geratu da eta hirugarren Mikel Erkizia. Antolatzaileek zorionak eman nahi dizkie txapeldunari eta parte hartu duten guztiei.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide