Espainiako Gorteetarako bozak (2026)

EH Bilduk irabazi ditu Espainiako Kongresurako bozak Orion

Onintza Lete Arrieta

Boto guztien %51,47 eskuratu ditu EH Bilduk, 1.876 boto. 2023ko hauteskundeetan ere bera izan zen garaile herrian. EAJ izan da bigarren alderdi bozkatuena, 843 botorekin, botoen %23,13 lortuta. 

Zenbatu dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako boto guztiak Orion, eta 2023ko hauteskundeetan bezala, gaurkoan ere EH Bilduk lortu du boto gehien, 1.876 (botoen %51,47). 2023an 1.376 boto eskuratu zituen (%44,68), eta beraz, hobetu egin ditu emaitzak.

4.712 herritar zeuden botoa ematera deituta, eta 2023an bezala, gaur ere EAJ izan da bigarren alderdi bozkatuena. 843 boto lortu ditu, botoen %23,13. 2023an 907 boto eskuratu zituen (%29,45).  

Gainerako alderdiei dagokienez, PSOEk 560 boto jaso ditu (%15,36) –415 boto jaso zituen 2023an–, PPk 204 boto eskuratu ditu (%5,59) –2023an 104 boto jaso zituen–, Voxek 58 boto (%1,59) –2023an 19 boto–, Frente Zabalak 42 boz eskuratu ditu (%1,15), Pacmak 13 boto, Aulki Zuriak 12, Podemosek 9, Frente Obrerok 3 eta ELAKek 2.  2023an Sumar koalizioak 205 boto lortu zituen. 

Parte hartze historikoa

Gaurko hauteskunde eguneko ezaugarrietako bat parte hartzea izan da, aurrekoetan baino nabarmen handiagoa. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, %78koa izan da parte hartzea, eta %21,92koa izan da abstentzioa –2023an %31,45ekoa izan zen–. 

Ministerioak 18:00etan eman ditu Espainiako Gorteetarako bozetako eguneko bigarren parte hartze datuak, eta Orion are gehiago egin du gora parte hartzeak goizeko datuekin alderatuta. Azken urteetako parte hartze handiena izan da. Izan ere, goizean 2023ko hauteskundeekin alderatuta 12 puntu egina zuten gora datuek Orion; 18:00etan, 18 puntu egin du gora parte hartzeak herrian. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide