Orioko Udalak bilera irekia egingo du Munto eremuan bizi diren bizilagunekin astelehenean, hilak 30, barraken eremu berriari buruz informazioa emateko eta herritarren ekarpenak jasotzeko.
Bilera udaletxeko udalbatzar aretoan izango da, 18:00etan.
Sanikolasak hastear dira, eta ikastola aurreko plazoleta obretan denez, udalak erabaki zuen barrakak Mendibeltz futbol zelai ondoko aparkalekuan jartzea. Zehazki, aparkalekuaren mendebaldean jarriko dituzte, "etxebizitzekiko tartea utzita". Hala, hamar egunez ez da erabilgarri egongo aparkaleku horretako zati handiena. Bertan aparkatutako bizikletak ere kendu egin beharko dira.

Abenduaren 1etik 10era
Abenduaren 1ean, asteartearekin, hasiko dira barrakak muntatzen, eta beraz, egun horretan, eguerdirako, aparkalekuaren zati handi bat hustu egin beharko da. Muntaketa lanak amaitu eta segurtasun neurriak bermatu ondoren, abenduaren 4an, ostiralean, jarriko dituzte martxan barrakak.
Udalak jakinarazi duenez, aurten barrakak sei egunez egongo dira zabalik, abenduaren 4tik 9ra. "Egonaldiaren iraupena murriztea erabaki da, kokapen berrian inguruko bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko eta aparkalekua ahalik eta lasterren berriro erabilgarri egon dadin". Hala, abenduaren 10ean, desmuntatze lanak amaitutakoan, aparkaleku osoa erabilgarri egongo da berriro.