Bederatzi borroka izango dira biharko Boxeo Gauean, horietako bat emakumeen artekoa

Onintza Lete Arrieta

Iazko boxeo jaialdiko borroketako bateko unea. (Arnaitz Rubio Aprea)

Karela kiroldegiak hartuko du Orioko II. Boxeo Gaua bihar 18:30etik aurrera, eta jakinarazi dituzte zein hemezortzi boxeolari igoko diren ringera. Aurrez, 16:30ean, pisaketa egingo dute jendaurrean, Herriko Plazan.  

Orioko River Box & Roll klubak dena prest du biharko Orioko II. Boxeo Gauerako. Iaz bezala, aurten ere Karela kiroldegiak hartuko du kirol ikuskizuna. Borrokak 18:30ean hasiko dira, baina aurrez, 16:30ean, boxeolariak Herriko Plazan izango dira, hantxe pisatuko baitira epaileen aurrean. 

Bederatzi borroka izango dira, horietako bat emakumeen artekoa; Amaia eta Leire Diaz de Zerio borrokatuko dira seigarren saioan, 59 kilotan. Iaz ez zuten lortu emakume boxeolarien borrokarik antolatzerik, eta gustura daude klubekoak, aurten pauso hori emanda.

Orioko klubekoak tartean

Borroketako zortzi amateur mailakoak izango dira, eta Orioko klubeko bi boxeolari ere igoko dira ringera: Diego Duran oriotarra, 2026ko Gipuzkoako txapelduna, eta Julen Garaikoetxea zarauztarra. 

Orioko II. Boxeo Gaueko txapela, berriz, azken borrokan erabakiko da, orduan lehiatuko baitira neo-profesional mailako boxeolariak: Irungo (Gipuzkoa) Resiliens Boxing klubeko Steven Ruiz urdinez, eta Errenteriako (Gipuzkoa) Team Latigo klubeko Denis Zelaia, Nica, gorriz, 66 kilotan. Hiru minutuko lau asaltotan ariko dira horiek. 

Ibai Marin antolatzailearen esanetan, "maila polita" egongo da borroketan, eta "ilusio handiarekin" antolatu dute belada, "lan asko eman arren". Orioko Udalari eskerrak eman nahi izan dizkio, "emandako laguntzagatik". 

Boxeo Gauaz gozatzeko sarrerak 18 euroan daude salgai Mirotzan, Barakan eta kiroldegian. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, baina 20 euroko prezioan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide