Azaroko ohiko bilkura egin zuten atzo iluntzean Orioko udaletxean, eta bederatzi puntu jorratu zituen udalbatzak. Guztiak aho batez onartu zituzten, bat izan ezik, 2027ko udal aurrekontuena. EH Bilduren aldeko zortzi botoekin onartu zen hori, eta EAJko hiru zinegotziak abstenitu egin ziren (EH Bilduko bi zinegotzi falta ziren atzoko udalbatzarrean).
Hala, Orioko Udalak 12,7 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, zehazki, 12.712.000 euro, aurten baino milioi bat euro gehiago, %8,78 gehiago, alegia.
Diru sarreren aurreikuspena "zuhurtziaz" egin dutela azaldu zuen Nagore Rementeria EH Bilduko zinegotziak, baina jakinarazi zuen zeharkako tasetan txertatutako turismo tasa berriari esker, 188.000 euroko diru sarrera berria aurreikusi duela udalak, eta aurten baino diru gehiago jasoko dela TAO sistemarekin eta udal kanpinarekin, eta foru funtsetik ere diru gehiago iritsiko dela.
Aurrekontuen berrikuntza edo alderdi garrantzitsuenetakoa pertsonal gastuei eta giza baliabideei lotuta dago. Horiek 5.170.000 eurokoak izango dira, aurtengoarekin alderatuta 605.000 euro gehiago, alegia, %13,4 gehiago. Igoera horren zergatiei begiratuta, batetik udal langileen soldatak daude, %5 igoko direlako, eta bestetik, Danbolin musika eta dantza eskolako pertsonal gastuan "beharrezko egokitzapenak" egin izana eta udal kanpineko langileen lanaldia bederatzi hilabetera luzatu izana daude. Horrez gain, langile gehiago kontratatuko ditu udalak, hau da, lanpostu berriak sortuko ditu. Horien artean, nabarmendu behar da euskara eta kulturartekotasun teknikari lanpostu berria izango duela laster Oriok. Rementeriaren hitzetan, "azken urteetako hausnarketaren ondoren" hartu du erabakia udalak, "gure herriaren errealitateari eta gaur egungo erronkei erantzuteko".
Denboraldirako kirol koordinatzaile lanpostua eta sei administrari berriren lanpostuak ere aurreikusi dituzte hurrengo urterako, eta etxebizitza hutsen ekintza plana eta etxebizitza bulegoa martxan jartzeari lotutako aurrekontu partidak ere jaso dituzte.
Inbertsio nagusiak
Inbertsioei dagokienez, 727.000 euro aurreikusi dituzte. Proiektu estrategikoen artean, 265.000 euro aurreikusi dituzte Dike-Kofradia eremuak garatzeko. Kofradia eraikitzeko partida irekia ere jaso dute, baita Andra Mari guneko aktuazio batzuetarako ere, jada martxan diren lanekin jarraitzeko. Pilotaleku berriari dagokionez, eremuaren azterketa geoteknikoa egiten ari dira une honetan, eta partida irekia utzi dute aurrekontuetan, proiektuarekin jarraitzeko. Era berean, kirol gune berrientzat ere partida irekia utzi dute, "kirol ekipamendu beharrak aztertu eta aukerak ikusteko".
Ingurumen babeserako eta klima aldaketari aurre egiteko ere partida irekia jaso dute, eta 352.000 euroko partida aurreikusi dute, hondartzako etxola, komun eta kabina berrientzat.
Partida irekia utzi dute Karela kiroldegiarentzat ere, elkarteen aldageletan eta judo aretoan hobekuntzak egiteko, eta Arraunetxen fosoaren bigarren faserako 15.000 euroko partida ezarri dute.
Auzo bideentzako 48.000 euro gorde dituzte, Pelotari kaleko zolatuko aktuaziorako 56.000 euro, eta herriko parkeentzat 55.000 euro; Bikamiotako parkean hobekuntzak egiteko asmoa dute, eta parke estaliarentzat partida irekia utzi dute beste behin.
Herritarren segurtasuna eta mugikortasunaren alorrean, berriz, 20.000 euro inbertituko dituzte, tartean zirkulazioaren eta aparkalekuaren antolaketarentzat izango dira 14.000 euro (seinaleak, radarra etab.). Partida irekia jarri dute, berriz, Goiko Kaleko igogailuarentzat, irisgarritasun proiektua lantzen ari baitira dagoeneko. Eta gauza bera egin dute hondakin guneak lur azpian sartzearen gaiaren eta hilerriko proiektua exekutatzearen harira.
Sarrerak eta gastuak
Sarrerei dagokienez, zuzeneko zergetan 1.774.000 euro aurreikusi dituzte, aurtengoarekin alderatuta %3,7 gehiago. Zeharkako zergetan, berriz, datorren urtean 448.000 euro jasoko dituzte (%550 gehiago). Dikeko eta Kofradiako proiektuen exekuzioak aipatu zituen igoera nabarmen horren arrazoitzat.Tasa eta beste sarreretan 3.149.000 euro aurreikusi dituzte (%5,4 gehiago). Eta, transferentzia arruntetan, 6.941.000 euro edukiko ditu udalak datorren urtean (%7,58 gehiago).
Gastuetan, pertsonal gastuez gain, ondare arruntetan eta zerbitzuetan 5.500.000 euroko gastua aurreikusi dute datorren urterako, eta transferentzia arruntetan, 1.221.000 euro. Esan bezala, inbertsio errealetan 727.000 euro aurreikusi dituzte. Finantza gasturik, berriz, ez dute aurreikusi. "Udalaren likidezia egoera ona da eta ez dugu bankuko komisiorik ordaintzen, ezta maileguei lotutako interesik ere", azaldu zuen Rementeriak.
Abstentzioaren arrazoiak
Rementeriak azaldu zuen aurrekontu hauen helburu nagusia "herritarrentzako herri bat egiten jarraitzea" izan dela. "Aurrekontu hauen atzean dagoen ikuspuntua da herritarren eguneroko bizitza erdigunean jarri nahi dugula, pertsonen beharrei erantzunez, zerbitzu publikoak bermatuz eta zaintza eta ongizatea sustatuz, baita auzoak eta espazio publikoak zainduz eta herritar guztiek beren lekua izan dezaten lan eginez ere".
Noemi Ostolaza EAJren bozeramaileak ere hartu zuen hitza, bere alderdiaren abstentzioa arrazoitzeko. Azaldu zuen badakitela ez dela erraza aurrekontu batzuk osatzea, eta horregatik azken urteetan "jarrera eraikitzailea" izan dutela, eta urtero egin dituztela ekarpenak eta urtero aurrekontuei aldeko botoa eman dietela. Baina "tamalez" aurten ez dute ikusi EAJren ekarpenak udal aurrekontuetan "modu eraginkorrean" jaso direnik. Dena den, esan zuen kontra bozkatu beharrean abstenitu egin direla, "aurrekontuetan badaudelako oriotarren bizi kalitatea hobetuko duten partidak ere".
Ostolazak bere alderdiak egindako proposamen nagusiak azaldu zituen: batetik, adikzioen prebentziorako plan integrala garatzea, arreta psikologikoa indartzea eta nahigabeko bakardadeari aurre egiteko estrategiak abian jartzea. "Bereziki eskatu dugu adikzioen estrategiei zuzendutako partida ez desagertzea, eta udal gobernuaren erantzuna izan da gai horiek gizarte zerbitzuen bidez lantzen direla". EAJrentzat, "ezin da gizarte zerbitzuengan ardura gehiago jarri. horretarako baliabide eta tresna egokiak eskaini gabe".
Bigarren proposamena udal kanpineko langileen baldintzak hobetzea zen, haiei bederatzi hilabeteko kontratuak eginez, egun zortzi hilabetekoak dituztelako. "Udal kanpinaren alde gaude, eta baita udal kanpineko langileen alde ere".
Hirugarrena, azkenik, herrian parke estalia egin ahal izateko beharrezko azterketak egitea eta horretara beharrezko diru partida bideratzea, gabezia horri behingoz erantzuteko. "Ez dugu eskatzen 2027an parke estali bat egotea, gaiari beharrezko garrantzia ematea baizik, eta jarraipena egitea. Aurrekontuan partida irekia jasotzea ez da nahikoa, aurrez ere ikusi dugulako hainbat gaitan formula bera erabiltzen, eta gero proiektua bere horretan gelditzen".
Anuska Esnal alkateak hartu zuen hitza ondoren, Ostolazari erantzuteko. Esan zuen udal gobernuak EAJren bost ekarpen jaso dituela, eta "soilik ahoz" egin dituztela proposamenok. Horietatik gehienak dagoeneko udal gobernuaren aurrekontu proposamenean txertatuta zeudela ere esan zuen, eta Ostolazak egindako adierazpenei banan-banan erantzun zien. Udal kanpineko langileen lan baldintzen aferaz, adibidez, alkateak esan zuen azken urteetan kanpinean udalak egin dituen "hobekuntza guztien helburuetako bat udal langileen baldintzak hobetzea" izan dela, eta EAJren proposamena jada aurrekontuan sartuta zeukatela.