Iaz Orion, Etxeluze gaztetxean, egin zuten Palestinaren Aldeko V. Tekno Punk Erresistentzia Jaialdia, eta aurten toki berera itzuliko da zazpigarren edizioa; izan ere, tartean Leitzan (Nafarroa) egin dute seigarrena, aurten bertan.
Euskal Herri zabaleko herritarrez osatutako talde batek antolatzen du jaialdia, tartean Orioko kideak daude, eta horiek azaldu dute egitasmoaren helburua Palestinari elkartasuna adieraztea dela, baita jaialdian bildutako dirua hara bidaltzea ere. "Janaria edo bestelako laguntza baino, nahiago izaten dugu laguntza ekonomikoa zuzenean bidali", azaldu dute.
Jaialdia bihar izango da, gaztetxean, eguerditik iluntzera. Jaialdiarekin, antolatzaileek elkartasuna adierazi nahi diete Palestinako herriari, eta kritika zorrotza egiteko ere baliatu dute egitasmoa: "Palestinar herriak duela hamarkada batzuetatik jasaten duen genozidioa salatzen dugu, azken urteotan areagotu egin dena. Israel botere ekonomikoak ematen duen zigorgabetasunaren adibide argia da; izan ere, hamarkadak daramatza palestinarrak hiltzen, dela munizioarekin, dela oinarrizko beharrak ukatuz, munduko gainerako herrialdeak isilik dauden bitartean. Genozidio honen konplize izateaz gain, horretan laguntzen ari gara enpresa israeldarren produktuak kontsumitzen ditugunean".
Kontzertuak eta gehiago
Eguerdian hasiko dute eguna, bermut musikatuarekin; mokadutxoak ere egongo dira. Ordu berean, postuak jarriko dituzte kamiseta, fanzine, aldizkari eta abarrekin. Ondoren bazkari beganoa izango da, antolatzaileek prestatuta; ehun lagun inguru espero dituzte bazkaritarako.
Arratsaldetik aurrera, musika izango da nagusi: aurrena, lau taldek eskainitako kontzertuak izango dira, eta ondoren, DJak, goizaldera arte. Antolatzaileak "oso gustura" daude aurtengorako prestatutako egitarauarekin, bereziki arratsaldean izango diren kontzertuekin.