Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta hori dela eta, Orioko Udalak indarkeria matxista ororen aurkako gaitzespena adierazteaz gain, indarkeriarik gabeko bizitzen alde egin nahi du aldarri: Bizitza askeak plazer.
Gaurko aldarria gogora ekarrita, udalak nabarmendu du "feminismoaren aurkako jarrerak zein gorroto mezuak areagotzen" ari direla, eta testuinguru horretan, adierazi du ez dutela onartuko "oinarrizko giza eskubideetan atzera pausorik" ematea.
Udalak, halaber, konpromisoa hartu du "harreman osasuntsuetan eta elkarbizitza onean" oinarritutako herria lantzen jarraitzeko. "Azken finean, indarkeria matxistak dituen adierazpen, forma eta dimentsio ororen prebentziorako, kontzientziaziorako, artatze osorako eta erreparaziorako baliabideak eta zerbitzuak garatzen jarraitzeko eta hobetzeko", gehitu du erakundeak.
Indarkeria matxista "egiturazko arazo sozial bat" bezala ere definitu du udalak. "Ez da emakumeen arazoa soilik, gizarte osoarena baizik. Jendartea osatzen dugun herritar orok ardura hartu behar du". Alde horretatik, Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta EUDELek bultzatutako 2026ko azaroaren 25eko kanpainaren leloa ekarri du gogora erakundeak: "Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak axola du".
Gainera, indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean, herritarrak "gizartean duten lekuari buruz hausnartzera" bultzatu nahi ditu udalak. "Indarkeria matxistaren aurrean, ez baitago leku 'neutrorik' eta pertsona bakoitzak hartzen duen kokalekuak dena alda dezake. Hori horrela, indarkeria matxistari aurre egiten ari diren emakumeak babestu behar ditugu, sinesgarritasuna emanez, ez epaituz eta noski, euren babeserako zein lengoratzerako, besteak beste, baliabideak eskainiz eta inguruan sarea eta komunitatea sortuz".
Paraleloki, udalak berdintasunaren alorrean eta indarkeria matxistaren aurkako jardunean "urratsak ematen" jarraituko duela azpimarratu du, besteak beste, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta hobetzeko erakunde arteko protokoloa hobetzen; emakumeentzako aholkularitza psikologikoa eta juridikoa eskaintzen; neska gazteak ahalduntzeko eta indarkeriari gabeko bizitzak garatzeko baliabide pegagogikoak lantzen; hezkidetzan eta tratu onetan oinarritutako herri eredu bat eraikitzeko ikastetxeekin, elkarlanean, proiektuak garatzen; indarkeriaren erreparaziorako baliabideak eskaintzen; eta indarkeriari aurre egiten ari zaien emakumeentzako bidelaguntza eta "ibilbide seguruak" eskaintzen.
Udalak ere bat egin du gaurko elkarretaratzearekin
Orioko Udalak bat egin du Orioko Mugimendu Feministak gaur iluntzerako deitu duen elkarretaratzearekin, eta bertan parte hartzeko deia egin die herritar guztiei. Hain zuzen ere, 19:00etan Herriko Plazatik abiatuta egingo dute mobilizazioa.